Hiru urteren ondoren, gazte eta ez hain gazteen arteko erronka egingo dute Astigarragan berriro, Gazte Asanbladak antolatuta. Urriaren 24rako lotu dute errebantxa, egun osoan zehar jokatuko diren probekin; eta dagoeneko jarri dute izena emateko eguna ere: datorren ostiralean, irailaren 11n, apuntatu beharko dute parte hartu nahi dutenek. Zipotzan izango da horretarako aukera, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.
Ederki girotuko dute hitzordua gainera, arratsaldean zehar pintxopotea, kontzertu akustikoa eta taldeen kolorearen zozketa ere izango baitira Zipotzan bertan, besteak beste.
Izenematea, bazkaria eta kamixeta barne, 25 euro dira gazte eta helduentzat, eta 15 euro haurrentzat. Kamixeta bakarrik nahi duenak, berriz, 10 euroan eskuratu ahal izango du. Izena ematean, honakoak zehaztu beharko dituzte: izen-abizenak, telefonoa, taldea (gazteak 30 urtetik beherakoak, ez hain gazteak 30etik gorakoak), kamixeta talla, haien bazkaria beganoa izatea nahi ote duten, eta jokoetan parte hartuko duten.