Aurtengo Udazken Zaporezen egitaraua berezia izango da, Sagardoetxearen 20garren urteurrenaren ospakizuna dela eta

Julen Borreguero Fernandorena

Xabier Urdangarinek eta Leire Alkortak aurkeztu zuten Udazken Zaporez 2026.

Irailaren 12tik azaroaren 1era arte izango dira jarduerak Sagardoetxean. Lehendabiziko hori (irailak 12) izango da museoaren 20garren urteurrenaren ospakizun eguna.

 

Pasa den ostegunean aurkeztu zuten Udazken Zaporez ekitaldiaren egitaraua, Sagardoetxean. Aurtengoak, gainera, 'zapore' berezia izango du, ekitaldiaren antolatzaile den museoaren 20garren urteurrenaren ospakizun eguna batuko baitzaio ohiko egitarau politari. Horrela, irailaren 12tik azaroaren 1era bitartean izango dira jarduerak Sagardoetxean, eta lehendabiziko horretan, hilaren 12an, izango da museoaren urteurren bereziaren ospakizun eguna. Kontuan izan behar da zenbait jardueratarako (egitarauan izartxoarekin markatuta daudenak) izena eman behar dela, 943 550 575 telefono zenbakira deituta edo info@sagardoetxea.eus helbide elektronikora mezua bidalita.

Goiz zein arratsaldez izango da zer egin irailaren 12an, haur, gazte edota helduentzat. Goizean Idoia Lizeagaren eskutik arte instalazio parte hartzailea izango da, baita ate irekiak eta bisita gidatuak ere. Arratsaldean, berriz, familian gozatzeko jarduerak izango dira, hala nola 'Sagardoetxeako lorategia familian' tailerra eta 'sagarretik sagarrera' oka jokoa. Iluntze partean, azkenik, kontzertuak eskainiko dira sagastian, 3ZUR eta Zerumuga taldeenak zehazki. Gainera, ospakizun egun osoan zehar sagardo bereziak dastatzeko aukera izango da.

 

Udazken Zaporez, jarduerak azaroaren 1era arte

Irailak 12koa gutxi balitz, azaroaren 1era arte luzatuko dira ekintzak Astigarragan, Sagardoetxearen eskutik, Udazken Zaporez ekitaldiaren baitan.

Irailaren 24an sagarrekin egindako pintxoen lehiaketa egingo dute herriko tabernetan, eta hilaren 26an Santiagomendiko Sagardo Bideko mendi buelta egingo da familian. Hurrengo egunean, irailaren 27an, besre ospakizun egun bat, goiz zein arratsaldeko egitarauarekin. Kalejiraz, txistulariez, sagardogintzako lanez, sagarraren azokaz edota pelota partiduez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Eta urrian zehar zein azaroako lehendabiziko egunean sagar muztio elaborazio tailerrak egiteko aukera izango da museoan, familian, goizez eta arratsaldez larunbatetan, eta goizez soilik igandeetan. Arratsaldez joan nahi izanez gero izena eman behar da, aurretik aipatutako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bitartez. Goizetan ez da beharrezkoa.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!