Argindarra moztuko dute kiroldegian eta inguruko etxeetan bihar, hiru orduz

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 26a

Goizeko 09:00etatik 12:00etara izango da etena, Santio Zeharrako transformazio zentro berriaren obrengatik.

Transformazio zentro berria instalatzeko eta konektatzeko obrak egiten ari dira Santio Zeharra kalean, eta horiek eragina izango dute bihar goizean, kiroldegian eta inguruko etxebizitzetan: bertako argindarraren hornidura etengo dute goizeko 09:00etatik eguerdiko 12:00etara.

Argindar mozketaren ondorioz, itxita egongo dira kiroldegiko aldagelak eta igerilekua, etenaldiak iraun bitartean. Gainera, zerbitzuz kanpo egongo dira fitness gelako kardio aparatuetako batzuk, funtzionatzeko argindarra behar dutelako.

Udalak azaldu duenez, neurri horiek beharrezkoak dira transformazio zentro berriaren obrak segurtasunez egin ahal izateko. Eta era berean, aditzera eman du zentro berriaren garrantzia: «Instalazio hori ezinbestekoa da Santio Zeharrako auzo osoaren argindar hornidura antolatzeko, eta obra honek bukatuta egon behar du kiroldegia haunditzeko eta eraberritzeko obrekin hasi ahal izateko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!