Udako kontzertu sortari bukaera emango diote ostiral honetan, Andre Gobadarien ibai parkean: Maskak taldeak joko du bertan etzi, gaueko 22:00etan hasita, 'Ilunabarrak Gobadarien parkean' zikloa borobiltzeko. Eguraldi ona dago iragarrita, baina ezustean euria egingo balu, Erribera kulturguneko aterpera mugituko lukete. Doakoa izango da kontzertua.
Itsasuko eta Bidarraiko taldea da Maskak, eta pop doinuak eta musika elektronikoa nahasten ditu bere sorkuntzetan, taldearen «izaera esperimentala» ardatz hartuta.
2021ean sortu zen, Kakolak taldetik eratorrita. Ordura arte bertsioak egiten zituzten, eta Maskak izenarekin abesti propioak sortzen hasi ziren. Duela bi urte aurkeztu zuten bere aurreneko diskoa, 'Buruz buru'; eta aurten kaleratu dute bigarren albuma, 'Ziklikoa' izenekoa, etzi Andre Gobadarien ibai parkean aurkeztuko dutena.
Patxi Cazenave, Betti Albor, Thomas Saragueta eta Battitt Etchart dira taldeko lau kideak, eta lanpetu xamar ibili dira abuztu honetan: 10garren kontzertua izango dute Astigarragakoa, hilabetea ixteko.