Sagardo, harri baldar, idi-dema eta 'show' berezi artean, badator Ergobiko Jaien onena

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 23a

Gogotsu hartu zuten Kros Txikia, adin guztietako korrikalari gaztetxoek, atzoko eguna ondo hasteko.

Festen bigarren erdian sartu dira auzotarrak, eta jendetza bertaratuko da inguruko txokoetatik, gaur eta bihar. Ohi bezala, lepo beteko da plaza gaur eguerdiko sagardo lehiaketarekin, are gehiago beroa iragarrita dagoela ikusita.

Bi egun pasa dira Ergobiko Jaietan, baina beste bi egun falta dira oraindik gozatzeko, eta ez dira nolanahikoak. Gaurkoan sagardo lehiaketak hartuko du protagonismo nagusia, eta jendetza bertaratuko da inguruko txoko guztietatik, eguerdian eguraldia edozein dela ere. Lepo beteko da plaza, are gehiago iragarpenek dioten bezain beroa bada giroa.

Arratsalderako ere zita polita jarri dute. Urtero bezala, Ergobiko harri baldarrak ('Harri Beltza' eta 'Etxepazter' ) aterako dituzte plazara; baina oraingoan, hainbat harrijasotzaileren arteko lehia baino, marka jartzeko saiakera izango da, Mikel Lopetegi 'Urra'ren eta Maddi Gesalagaren eskutik.

Musikak, afariak eta zezensuzkoak borobilduko dute gaurko eguna, biharkoari bidea eginez: idi-dema, bazkari ofiziala, su artifizialak... eta bukatzeko, auzotarren 'Ergobiko Record Gui­nness show' berezia.

ERGOBIKO JAIETAN

GAUR ETA BIHAR

ABUZTUAK 23, igandea

10:30, Meza nagusia, Astigarragako elizan, auzoko hildakoen oroimenez.

11:30, LXIII. Sagardo Lehiaketa. Astigarragako sagardogile guztiak daude gonbidatuta. Dastaketa 12:00etan hasiko da, Ergobiko plazan.

17:30, Harrijasotzaileak. Marka berria jartzen saiatuko dira Mikel Lopetegi 'Urra' 104 kiloko 'Harri Beltza'rekin, eta Maddi Gesalaga 55 kiloko 'Etxepazter' harriarekin. Maddi Saltarainen erakustaldia ere izango da.

19:00, Idi pisaketa, plazan.

19:30, Komerik musika taldea.

21:00, Afaria, karpan. Menua: entsalada errusiarra, otarrainxkak, txekor kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea. Helduek 30 euro, 16 urtetik beherakoek 15 euro.

23:00, Zezensuzkoa.

23:15, Komerik musika taldea.

ABUZTUAK 24, astelehena

11:00, Idi-dema, LX. Ergobiko Sari Handia: Ixidro Erretegiaren, Olazarren eta Pagadizabalen idiak, aurrez aurre.

14:30, Bazkari ofiziala. Menua: fritoak, iberiko sorta, zapoa plantxan, azpizuna letxugarekin, edariak, goxua eta kafea. Helduek 35 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro.

17:30, Triki-Track musika taldea.

22:30, Zezensuzkoa.

23:00, Su artifizialak.

23:15, Jaiak bukatzeko, 'Ergobiko Record Guinness show-a'.

00:00, Musika txosnan, goizaldeko 03:00ak arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!