Munduko Txapelketan ariko da Eneko Olveira astigartarra, Val di Solen

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 21a

Eneko Olveira, aurtengo proba batean, Sabiñanigon. Argazkia: Joan Turne

Mendiko bizikletarekin, 23 urtez azpikoen proba lehiatuko du abuztuaren 30ean, Italian. Aurretik, Munduko Kopako proba bat izango du asteburu honetan, Frantzian.

Mendiko bizikletaren eszenatoki garrantzitsuenean izango da Eneko Olveira astigartarra, datorren astean: Munduko Txapelketa lehiatuko du Italiako Val di Solen. 23 urtez azpikoen proban ariko da astigartarra, Espainiako selekzioak hautatuta.

«Nire kategorian, hortxe-hortxe nengoen beste txirrindulari batekin, laugarren plaza eskuratzeko; eta nik lortu dut azkenean. Beraz, oso pozik!», aitortu du astigartarrak. Abuztuaren 30ean izango du distantzia olinpikoko proba, hori ziur; eta posible da zirkuitu laburrekoan ere aritzea, hilaren 27an.

Munduko Txapelketan arituko ote zen jakin gabe, denboraldiaren bigarren zati honetarako buru-belarri aritu da lanean Olveira, uda osoan. Horrela, «sentsazio onekin» iritsiko da hitzordura, eta «sekulako gogoarekin».

Sasoi onari azkeneko puntutxoa emateko, gainera, beste zita garrantzitsu bat izango du asteburu honetan bertan: Munduko Kopako proba batean ariko da Frantziako Les Gets herrian. Kasu honetan, zirkuitu laburrean ariko da gaur, 11:25etan hasita; eta distantzia olinpikoan igandean, 11:00etatik aurrera.

 

Lau garaipen, denboraldian

Ez du debuta izango aurtengo Munduko Kopan, Andorran aritu baitzen uztailean, ordura arte erakutsitako mailaren sari gisa. Izan ere, denboraldi bikaina ari da osatzen astigartarra, eta lau garaipen lortu ditu dagoeneko: Espainiako eta Gipuzkoako Txapelketak irabazi ditu, eta Bilboko eta Lezamako Green Series probetan nagusitu da. Gainera, podiumera igo da eliteko Espainiako Kopako bi probatan, Valentzian eta Avilan, eta ia beti izan da aurreneko 10etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!