Xabi Solano ereñotzuarrak bi bider piztuko du sua Ergobiko Jaietan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 21a

Xabi Solano, Etzakitekin urte hasieran Oialumen eskainitako kontzertuetako batean. Argazkia: Gaizka Peñafiel

Donostiako Aste Nagusiari itzalik ez egiteko, festa haiek bukatu eta astebetera hasiko dira Ergobiko Jaiak, gaur arratsaldean. Programa ederrarekin ospatuko dituzte astelehenera bitarte, eta izango du protagonista berezi bat aurreneko bi egunetan: Xabi Solano Maiza.

Musikari eta abeslari ereñotzuarra omenduko dute gaur 17:00etan, jaiei hasiera ofiziala emateko ekitaldian, berak botako baitu txupinazoa. Baina sua behin ez, bi bider piztuko du Ergobiko Jaietan, bihar gauean bueltan izango baita auzoan: kontzertu berezia eskainiko du gaueko 23:30etan hasita, Ergobiko plazan, Kimua Dantza Kolektiboarekin batera.

 

Futboleko finalak, jolasak, oilasko jatea eta zaldi proba, indartsu hasteko

Biharkoaren aurretik, ordea, indartsu ekingo diete jaiei gaur. Txupinazoa bota baino lehenago ere izango da ekintzarik, eguerdiko 14:00etatik aurrera jokatuko baitituzte 4x4 futbol txapelketaren finalak, Bidebitarteko kantxan. Suziria bota ondoren, berriz, denetik izango da gaztetxoentzat: jolasak, puzgarriak, apar festa, txokolatada...

Eta gaur bertan egingo dute festetako aurreneko otordua ere, oilasko-jatea izango baita karpan, 21:00etatik aurrera.

Ez da berehalakoan bukatuko aurreneko eguneko festa, ez. Zezensuzkoak gaur 23:00etan egingo du aurreneko buelta (gauero aterako da), eta segidan zaldi proba jokatuko dute: Zestoako Etxetxoren eta Zallako Jon Zornotzaren zaldiak ariko dira aurrez aurre, zeinek plaza gehiago osatuko. DJ Mikeltxiren musikak luzatuko du gaua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!