Epea zabalik daukate gazteek, alokairurako dirulaguntzak eskatzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 19a

Astigarragako Udalak 60.000 euroko partida bideratu du 18 eta 35 urte bitarteko herritarrentzat.

Gazteei alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzeko deialdia zabaldu du Astigarragako Udalak, beste urte batez. Denera 60.000 euroko partida bideratuko du dirulaguntza horietara, eta 18 eta 35 urte bitarteko astigartarrek eskatu ditzakete. Zehazki, 2025eko alokairu gastuetarako izango da dirulaguntza, eta irailaren 30era bitarte eskatu daiteke, astigarraga.eus webgunean edo udaletxeko erregistro bulegoan.

Dirulaguntza hau jaso ahal izango dute, soilik, Eusko Jaurlaritzaren gainerako dirulaguntzetarako (Gaztelagun, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria, Gizarte Larrialdietarako Laguntza...) eskubiderik ez dutenek. Hori horrela, eskatzaileek derrigorrez izan beharko dute tramitatua Jaurlaritzaren laguntza, eta hura lortzen ez badute bakarrik izango dute Udalarena jasotzeko eskubidea. Dena den, udal laguntzen kudeatzailean objektiboki zehazten badu eskatzaileak ez lituzkeela beteko Jaurlaritzaren laguntzen oinarriak, ez luke izango horiek nahitaez tramitatu beharrik.

Pertsona fisikoek eskatu dezakete dirulaguntza, bakarrik nahiz bizikidetza-unitatean bizi. Iazko abenduaren 31ko datarekin izan behar zituzten 18-35 urte, eta gutxienez sei hilabete lehenagotik egon behar zuten Astigarragan erroldatuta. Urteko diru-sarrerak, gehienez ere, 28.000 euro garbikoak izango dira bizikidetza-unitatea osatzen ez dutenen kasuan, eta 39.000 eurokoa bizikidetza-unitateetan. Alokairu gastua ezingo da izan hilean 950 euro baino gehiagokoa; haundiagoa bada, hileko errentak diru-sarrera garbien %40 gainditu beharko du dirulaguntza jaso ahal izateko.

Gehienez ere, hileko errenta konputagarriaren (garaje eta komunitate gastuak kanpo) %50 lagunduko da diruz, eta kopuru horrek ez du gaindituko hilean 300 euroko muga.

Edonola ere, badira zenbait salbuespen eta berezitasun, egoera eta ezaugarri jakinetarako. Bete beharreko baldintzak, deialdiaren oinarriak eta informazio guztia eskuragarri daude ondorengo dokumentuan:

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!