Ergobiren txanda datorren asteburuan, lau eguneko festa haundiarekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 19a

Txupinazoa bota eta berehala, haurrentzako jolasak izango dira, urtero bezala.

Ostiraletik astelehenera ospatuko dituzte Ergobiko Jaiak, egitarau potoloarekin. Otordu, herri kirol, idi-dema, sagardo lehiaketa zein su artifizialekin nahikoa ez, eta 'Ergobiko Record Guinness show'arekin bukatuko dituzte festak.

Festa kontuekin, ohikoa izango da irakurleek egitarauari erreparatzea, kazetariaren 'txapa' irakurri baino, apaizaren sermoia bailitzan. Tira ba, oraingoan ere testua gehiegi luzatzeko aukerarik ez digute emango ergobitarrek, orri erdia baino gehiago hartu duen programa prestatuta... Ohi bezala, ostiraletik astelehenera ospatuko dituzte Ergobiko Jaiak, etzi hasita, lau eguneko egitarau potoloarekin.

Ez dira nolanahiko lau egun izango, gainera, 4x4 futbol txapelketaren bosgarren edizioarekin hasita. Ostegun arratsaldean kanporaketak jokatu ondoren, ostiralean izango dira finalak, eta baloia bueltaka jartzearekin batera hasiko da festen zurrunbiloa ere. Haurrentzako, makina bat jolas, larunbateko krosa, xakea, zezensuzkoa eta beste ekintza ugari. Helduek, berriz, nahiago izango dute mota guztietako herri kirolez gozatu, baina bereziki jan-edanaz. Igandeko sagardo lehiaketa jendetsuaren aurretik zein ondoren, lau otordu izango dira jaietan denera: bi afari eta bi bazkari. Eta ez dira gutxi izango guztietarako bonoa eskuratuko dutenak, 115 euroan, Ergo tabernan...

Bat eta beste, ziztu batean pasako dira lau egunak auzoan, jaiei erremate umoretsua jarri aurretik. Ekintza sorta zabala eta bukaerako su artifizialak nahikoa ez, eta ohiko emanaldi ganberroa eskainiko dute auzotarrek beste urte batez: 'Ergobiko Record Guinness show'a deitu diote aurtengoari, atera kontuak...

ERGOBIKO JAIAK

EGITARAU OSOA

ABUZTUAK 21, ostirala

14:00, Asier Acinas V. Futbol 4x4 Txapelketaren finalak, Bidebitarte poligonoko kantxan. Kanporaketak ostegun arratsaldean izango dira. Informazioa eta izenematea, whatsappez: 627 441 948 (Asier) edo
660 779 776 (Koldo).

16:30, Futbol Txapelketaren sari banaketa.

17:00, Txupinazoa, jaiei hasiera ofiziala emateko. Segidan, haur jolasak, puzgarriak, apar festa, DJ Mikeltxi eta txokolatea txurroekin haur guztientzat.

21:00, LumaGorri oilasko-jatea, karpan. Menua: entsalada mixtoa, oilaskoa parrillan, gazta, intxaurrak, irasagarra, edariak eta kafea. Helduek 25 euro, 16 urtetik beherakoek 12 euro.

23:00, Zezensuzkoa.

23:15, Zaldi proba: Zestoako Etxetxoren eta Zallako Jon Zornotzaren zaldiak, aurrez aurre.

01:00, DJ Mikeltxi, karpan.

ABUZTUAK 22, larunbata

10:30, Kros Txikia, Andre Gobadarien ibai parkean. Informazioa eta izenematea, whatsapp­ez: 627 441 948 (Asier) edo
660 779 776 (Koldo).

10:30, Padel Txapelketa, Padel 21 Astigarraga aretoan. Sari banaketa, bazkal aurretik.

11:00, Tortilla txapelketa. Partehartzaileek 10:30etatik 11:00etara aurkeztu beharko dituzte tortillak.

11:00, Pasai txarangaren irteera.

12:00, Aizkolariak: Iker Vicente, Uxue Ansorregi, Irati Astondoa eta Izeta VI, proba mixtoan.

14:30, Bazkari herrikoia, karpan. Menua: tomate entsalada, Gernikako piperrak, hegaluze mentreska parrillan, txuleta letxuga entsaladarekin, edariak, Ezeizako pasteltxoak eta kafea. Helduek 35 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro.

17:00, Toka txapelketa, Zubimuxu kaleko 5garren atariaren parean.

17:00, Haurren Xake Txapelketa, Ergobi Gastronomi-Kultur Elkartean, 14 urtetik beherakoentzat. Informazioa eta izenematea: astigarragaxake@gmail.com edo 623 991 277 whatsappean.

17:00, Añorgako erraldoiak eta buruhaundiak.

17:00etatik aurrera, Mozorro lehiaketa. Mozorro originalenak saria izango du, eta gauean jakinaraziko dute irabazlea.

19:00, Izozkiak, Leizuriren eskutik.

19:30, Ergobiko haurren eta helduen danborrada.

23:00, Zezensuzkoa.

23:30, Kontzertua, Ergobiko plazan: Xabi Solano Maiza eta Kimua dantza taldea.

01:30, DJ Stefano Ghizzi, karpan.

ABUZTUAK 23, igandea

10:30, Meza nagusia, Astigarragako elizan, auzoko hildakoen oroimenez.

11:30, LXIII. Sagardo Lehiaketa. Astigarragako sagardogile guztiak daude gonbidatuta. Dastaketa 12:00etan hasiko da, Ergobiko plazan.

17:30, Harrijasotzaileak. Marka berria jartzen saiatuko dira Mikel Lopetegi 'Urra' 104 kiloko 'Harri Beltza'rekin, eta Maddi Gesalaga 55 kiloko 'Etxepazter' harriarekin. Maddi Saltarainen erakustaldia ere izango da.

19:00, Idi pisaketa, Ergobiko plazan.

19:30, Komerik musika taldea.

21:00, Afaria, karpan. Menua: entsalada errusiarra, otarrainxkak, txekor kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea. Helduek 30 euro, 16 urtetik beherakoek 15 euro.

23:00, Zezensuzkoa.

23:15, Komerik musika taldea.

ABUZTUAK 24, astelehena

11:00, Idi-dema, LX. Ergobiko Sari Handia: Ixidro Erretegiaren, Olazarren eta Pagadizabalen idiak, aurrez aurre.

14:30, Bazkari ofiziala. Menua: fritoak, iberiko sorta, zapoa plantxan, azpizuna letxugarekin, edariak, goxua eta kafea. Helduek 35 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro.

17:30, Triki-Track musika taldea.

22:30, Zezensuzkoa.

23:00, Su artifizialak.

23:15, Jaiak bukatzeko, 'Ergobiko Record Guinnes show-a'.

00:00, Musika txosnan, goizaldeko 03:00ak arte.

*Bazkari eta afari guztietarako tiket-bonoa Ergo tabernan salgai, 115 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!