Waterpoloko munduko txapeldunorde, Unai Ortiz astigartarra

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 13a

Unai Ortiz astigartarra, zilarrezko domina kolkoratuta.

Kroazian izan zen bere kideekin batera, 16 urtez azpiko munduko txapelketan, eta finala galdu zuen etxeko selekzioaren aurka.

Sekulakoa egin du Unai Ortiz astigartarrak, waterpoloko 16 urtez azpiko munduko txapelketan. Bere taldearekin batera, zilarrezko domina lortu du Ortizek, finala etxekoen aurka galdu ondoren, 10-7. Horrela, txapelketan parte hartu duten munduko 36 selekzioen artean, bigarren onenaren parte izan da Astigarragako gaztea.

Kroazian izan zen pasa den astean (abuztuaren 3tik 9ra) Claret Askartza Waterpolo klub bizkaitarreko jokalari gaztea. Bertan, final laurdenak zein finalerdiak pasa ondoren, finala jokatu zuen astigartarrak, baina ez zuen garaipena lortu, etxean jokatzen zuten kroaziarren aurka. Erabakigarria izan zen azken partziala: 4-1 etxeko taldearen alde. 

Ortizek aurtengo denboraldian bere klubarekin jokatu ditu kadete (goleatzaile nagusia izanda) zein jubenilen txapelketa, eta behin horiek amaituta Bartzelonako CARean 12 egun pasa zituen munduko txapelketa prestatzen. Eta zilarrezko domina lortu duen lehen euskalduna izatea lortu du, Ortizek.

 

Ortiz, talentua eta esfortzua batzen dituen kirolaria

Astigartarra da Unai Ortiz, eta bertan bizi da. Lehen Hezkuntza herrian ikasi zuen, eta DBH Martutenen egin ondoren, Batxillergoa hasiko du datorren irailean, Donostian. 

Ikasketekin batera aritzen da waterpoloan jokatzen, Claret Askartza Waterpolo taldean, Bizkaiko Leioa herriko taldea. Asteko egun batzuetan Donostiako Paco Yoldi kiroldegian entrenatzen du Ortizek, lehen bere kluba zen Easwim (lehen Easo zena) taldearekin. Beste egun batzuetan Leioaraino mugitzen da Ortiz, bere taldekideekin batera entrenatzera. 

Partiduei dagokienez, bere mailako asko Bizkaian jokatzen ditu; etxekoak, jakina, Leioan denak. Baina nagusien taldearekin ibiltzea tokatu zaio noizbehinka gazte urumearrari. Espainiako bigarren kategoriarik altuenean (1go Nazionala deritzo) dihardute, eta askotan bidaiatzea tokatzen zaie (Bartzelona aldera batez ere).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!