'Los pecadores' filma jarriko dute gaur Murgia jauregian, aire zabalean zinemaz gozatzeko

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 8a

Los Pecadores filma

Beldurrezko filma da 'Los pecadores', thriller bat zehazki. Gaueko 22:30etan jarriko dute, doan guztiz, eta gaztelaniaz, baina 16 urtetik gorakoentzat izango da soilik.

Astigarragako Murgia jauregia Zinema Kalean egitasmoaren egoitza izango da. Horrela, gaur gauean 16 urtetik gorako astigartarrek gozatu ahal izango dute 'Los pecadores' filmaz, aire zabalean. Euria egingo balu Kontxa Etxeberria plazara lekualdatuko lukete, baina eguraldi iragarpenari erreparatuz gero, dirudiena da zeru urdinean eguzkia izango dela nagusi egun zein gau osoan zehar. 

Filmaren nondik norakoei dagokienez, bi anaia biki dira protagonistak, eta haien bizitza kontatzen du filmak: Chicagon arazoz betetako bizitza daramate, nahiz eta arrakastaz betetakoa ere izan. Horrenbestez, haien jaioterrira bueltatzea erabakitzen dute, bizimodu berri bat hasteko. Blues klub bat sortzen dute, baina ez dakitena da gaitz are haundiagoa dutela zain, ongi etorria emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!