Belharra taldearen kontzertua, gaur

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 7a

Belharra taldea, kontzertu batean.

Donostia eta Hendaiako kideek osatutako taldeak Bluegrass (Countryaren azpigenero bat) estiloko musika egiten du.

Belharra talde euskalduna izango da gaur Astigarragan, kontzertua ematen. Ilunabarrak Gobadarien parkean deritzon ekimenaren baitan izango da, Gobadarien parkean bertan (euria egingo balu, Kontxa Etxeberria plazan), arratsaldeko 20:30etan hasita, eta doan. 

2012an sortu zen taldea, eta Hendaiako zein Donostiako musikariek osatzen dute. Bluegrass estiloarekin identifikatzen da, Countryaren azpigenero bat dena. Taldeko kideek erabiltzen dituzten instrumentuak ere generoaren izaeragatik ulertzen dira.

Hasiera batean ingelesez abesten zuten (azken finean estiloak berak bultzatzen zaitu ingelezko abestiak interpretatzera, Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako generoa baita, zehazki Kentucky eta Ohio estatuen artean dagoen eskualde baten izena da), baina gaur egun duten errepertorio guztia euskeraz da; tartean Xabi Payak Loraldirako euskeratutako Bob Dylanen abestiak.

Eta Belharra osatzen duten musikariak honakoak dira: Gorka Arranz (mandolina eta abeslari nagusia), Urbil Artola (dobroa eta ahotsak, Sorotan Bele taldean ibilitakoa da), Julen Maestro (akordeoi diatonikoa eta ahotsak, Alaken taldeko kidea da), Jon Arzelus (kontrabaxua), Jose Mari Pulido (banjoa) eta Dani Venegas (gitarra akustikoa).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!