Aire zabalean udako gaugiroaz gozatu nahi dutenek, badute zer egin larunbat honetan Astigarragan. Zehazki, zinemaz beste modu batera gozatzeko aukera izango dute; izan ere, 'Los pecadores' filma jarriko dute gaueko 22:30etan Murgia jauregian (euria egingo balu Kontxa Etxeberria plazan). 16 urtetik gorakoentzako filma da, eta gaztelaniaz jarriko dute, doan.
Beldurrezko filma da 'Los pecadores', thriller bat zehazki. Bi anaia biki dira protagonistak: Chicagon arazoz betetako bizitza daramate, nahiz eta arrakastaz betetakoa ere izan. Horrenbestez, haien jaioterrira bueltatzea erabakitzen dute, bizimodu berri bat hasteko. Blues klub bat sortzen dute, baina ez dakitena da gaitz are haundiagoa dutela zain, ongi etorria emateko.
Momentuz eguraldi iragarpena positiboa da. Egunean zehar eguzkitsu egongo da, larunbatean. Arratsalde-gau partean lainoak agertuko dira, baina ez du euririk egingo, eta zineaz kalean gozatzeko gau-giro ezinhobea egongo da.