Taberna baten idatziari erantzun dio Udalak, terrazei buruzko argibideekin

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 2a

Gure Lekuren arabera, taberna itxiko dute Udalak terraza jartzeko baimenik eman ez dielako.

 

Astigarragako Udalak terrazei buruzko argibideak zabaldu ditu, Gure Leku tabernak egindako idatzi bati erantzuteko. Gauza da herriko taberna honek aditzera eman duela lokala utziko duela, kanpoko faktoreengatik, bereziki terraza jartzeko izan dituen oztopoengatik. 

Udalak dioenez, «ez da berri ona herrian jarduera bat gutxiago eta lokal huts bat gehiago izatea». Baina are gehiago, bere burua defendatu behar izan du Udalak, eta argibide batzuk eman; izan ere, tabernaren idatzian, Udala eta alkatea aipatzen dira, besteak beste, «baimenik ez ematearen eta tabernaren terrazaren jarduera oztopatzearen erantzule gisa».

Udalak argitu duenez, indarrean dagoen terrazen ordenantza 2022/2023an berrikusi zen azken aldiz, partehartze prozesu bat eginez (bilera irekiak, informazioa komunikabideen bidez, etab.), zeinean herritarrek eta ostalariek aukera izan zuten ekarpenak egiteko. Ordenantzaren helburua da «ostalarien, bezeroen eta bizilagunen interesen arteko oreka bilatzea, oinezkoen pasabideei eta eremuei lehentasuna emanez». Eta bertan «zehaztasunez finkatzen dira terraza jarri ahal izateko baldintzak eta mugak». 

Behin hori argituta, Udalak sei puntu argitu eta adierazi nahi izan ditu. Lehenik eta behin, ordenantza indarrean zegoen tabernaren irekieraren aurretik, eta «tabernariak bazekien ezin zuela terraza jarri, fatxadaren aurrean espaloia duelako eta tokirik ez duelako». Bigarrenik, taberna batek terraza jartzeko eskubide unibertsalik ez du, ordenantzaren baldintzen araberakoa da. Hirugarrenik, eraikinaren alboko fatxadan terraza jartzeko eskaera egin zuen tabernak, Udalak adierazi zion aztertuko zuela egoera baina edozein kasutan bizilagunen baimena behar zuela, eta ezezkoa eman zuten bizilagunek.

Gainera, Udalak uste du egokia dela bizilagunen baimena behar izatea taberna batek bere fatxadaz haratago terraza jartzeko, «beraiek baitira horren eragozpenak zuzenean jasaten dituztenak». Bestalde, ostalaritzako establezimendu bakoitzaren baldintzak direnak dira; kasu honetan, «hasieratik argi azaldu du Udalak terrazarik ezin zela jarri», eta beraz, taberna ixtea Udalari leporatzea «ez da zilegi». Udalaren ustez, negozioa uzteko erabakia «negozioaren bideragarritasunari lotuta dago». Azkenik, idatziak esaten omen du, ostalaria bat edo beste izan, Udalaren aldetik jasotzen duen tratua ezberdina dela. Udalak erantzun duenez, «gisa horretako doako salaketak ez dira bidezkoak, datuekin edo probekin egin behar dira. Terrazen inguruko arauak argi daude eta edozeinek ikusi ditzake».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!