Gaurko Kronikaren paketea erre dute Gnomos liburudendaren aurrean

Kronika - Erredakzioa 2026ko uztailaren 24a

Ez da aurreneko aldia banaketa-puntu horretan inzidentziaren bat gertatzen dena Santiotan: atzoko paketea ere desagertu egin zen.

Festa giroa da nagusi egunotan Astigarragan, baina badira tartean gertaera itsusiak ere. Eta horietako batek Kronikari eta bere irakurleei eragin die gaurkoan, zuzen-zuzenean: Gnomos liburudendak banatzen duen Kronikaren paketea erre dute, liburudendaren aurrean bertan. Paketea sutan zegoela topatu du gainerako egunkarien banatzaileak, horrek dendarentzat eta inguruarentzat dakarren arriskuarekin. Banatzaileak berak itzali behar izan du, kalte larriagoak saihesteko.

Ez da aurreneko aldia, gainera, antzeko zerbait gertatzen dena Santiotan. Are gehiago, urtero pasatzen da halakorik, festa garaian. Azkenekoa atzo bertan izan zen, Kronikaren paketea desagertu baitzen. Kasu horretan, goizean presaz beste horrenbeste Kronika inprimatu behar izan genituen bulegoan bertan, eta liburudendara eraman, horrek dakarren gainkostuarekin eta lan-karga gehigarriarekin.

Gaurkoan, ordea, ez daukagu Kronikak berriro inprimatzerik, Diario de Noticiasek Iruñean daukan errotatiban inprimatzen baitira zortzi orrialdeko aleak. Hortaz, beste banaketa puntu batzuetatik bildu ditugu aleak, astigartarrak festetan Kronikarik gabe geratu ez daitezen.

Gertatutakoaren berri emateko ez ezik, salaketa gisa ere baliatu nahi dugu albiste hau, horrelako ekintzak eta jokabideak onartezinak baitira, festetan eta festetatik kanpo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!