Santiotako hirugarrena, indarrak gauerako gordetzeko eguna

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 24a

Enegarrenez aterako da kalera Kita Del Pare txaranga, gaur gauerdia baino pixka bat lehenago, danborradarekin.

Bazkalorduan hasiko dira gaurko hitzorduak Astigarragako Santiotan, eta goizeko atsedenak badauka nahikoa zentzu: sekulako martxa izango da gaur gauean, zezensuzko, musika eta danborrada artean. Ez du alperrik antolatu gosaria Zipotzak, bihar goizerako...

 

Gaur goizean Astigarragako kaleetan dabilenak, pentsatuko du akaso: Ez al dira ba Santioak? Herri hau hila dago eta... 

Ez ba, ez dago hila! Eta ezagun egin zen erderazko esaera batean bilatuko du gutxi gorabeherako erantzuna: parrandan bai, baina bereziki parrandarako prestatzen ariko dira astigartarrak!

Begiratu bestela gaurko programari. Indarrak gauerako gordetzeko eguna da Santiotako hirugarren hau, 22:00etatik aurrera sekulako martxa izango baita txoko guztietan. 

 

Erretiratuen eta gazteen bazkariak, eguna hasteko

Berandu bai, baina ederki hasiko dute ostiraleko festa, Santiotako beste bi bazkari klasikorekin: erretiratuen eta gazteen txanda da gaurkoan. Ondotxo dakigu sobremesa ederki luzatzen dutela biek, baina ez mahaiaren bueltan exerita, gorputza mugituz baizik. Jubilatuek Duo Azabacheren bisita jasoko dute beste urte batez, denak dantzan jartzeko. Gazteak, bere aldetik, aulki jolasean ariko dira aurrena, eta zumba saioa egingo dute ondoren.

Haurrak gozarazteko ardura, berriz, Aurrera Txuri-urdinak elkarteak hartuko du gaurkoan, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe: zaku lasterketan, lokotx biltzen eta sokatiran jarriko dituzte, besteak beste; eta opari ugari ere prest dauzkate partehartzaileentzat. Erribera kulturgunearen aurrean prestatuko dute jolas eremua aurtengoan, 16:30etan hasita.

 

Arratsaldetik aurrera, mota guztietako musika doinuak etengabe

Eta ez da exajerazioa. Tira, pixka bat bai, beti izaten da horrela... Baina mota askotako musika izango da arratsaldetik aurrera, herriko txoko ezberdinetan. Elektrotxarangarekin hasiko da saltsa, Elektrokupel taldeko kideak martxan jartzearekin batera, gazte bazkarian piztutako giro ederrari segida emateko.

Ostiraleko poteoa ederki animatu ondoren, eta afalostean, DJ Nemuxek jarriko ditu gaztetxoak dantzan, Erriberako kanpoalde­an, 22:00etatik 00:00etara. Eta bitarte horretan, diskofesta hasi eta ordu erdira, zezensuzkoa ere izango da bertan!

Baina gaueko festa hasi berritan izango da herriko gainerako txokoetan. Eta atera kontuak mota ezberdinetako musikaren aipamen horrekin. Txosnagunean, hasteko, rock, punk eta ska estiloak nahastuko ditu Manitu taldeak. Joseba Barandiaran plazan, berriz, euskal musika garaikidea izango da protagonista, Mirua taldearekin. Eta goizaldeko ordubatean, Jagoba Mendizabal abeslari lasartearrak eta bere taldeak astinduko dute gaua, pop-rock doinuekin.

Toki jakin batean baino, ordea, kalez kale ibiliko dira gaurko doinu berezienak: Santiotako danborradarenak. Joan den urtean bezalaxe, gauez aterako dira kalera aurtengoan ere, 23:30etan Foru Plazan elkartuta. Atuendo bereziarekin, ia seguru. Parranda modurik onenean hasteko gogotsu, zalantzarik gabe. Ez baitira danbor hutsez aterako, noski. Bidelagun izango dute Kita Del Pare txaranga, beste kale buelta bat egiteko prest (zenbatgarrena Santio hauetan???).

 

Euskal musika bakarrik ordu erdiz, herriko 10 tabernatan

Ostirala izanda eta halako musika aukera zabalarekin, jakina da askok luzatuko dutela parranda goizera arte. Ez dituzte alperrik antolatu biharko aurreneko jarduerak: Hor Konpon txarangaren irteera seietan, gaupaseroen barrene herrikoia eta jokoak sei t'erdietan, eta gosaria zazpietan Zipotzaren eskutik.

Eta gaupasaren erdian, goizaldeko 02:00etan, izango da berezitasunik herriko tabernetan. Izan ere, euskal musika sustatu nahian, 'Attu ondo' ekimena jarri du martxan Astindu elkarteak, Gazte Asanbladaren laguntzarekin. Horrekin, ordu erdiz euskerazko musika bakarrik jarriko dute Astigarragako hamar tabernatan: Bukoi, Gure Leku, Ikatza, Kizki, Kupela, Pastoriza, Robin, Txiki, txosnagunea eta Zipotza.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!