Santioei hasiera jendetsua emanda, marmitakoa protagonista gaur

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 23a

Herritarren berotasuna eskertuz eta '100 ta 100... 200! Aupa Astiarra!' oihukatuz bota zuten suziria Periko Garmendiak eta Juantxo Zuaznabarrek, Foru Plaza lepo bete zuten astigartarren aurrean.

Marmitako lehiaketan eta bazkarian bilduko dira astigartar asko, jaien bigarren egunean. Emanaldi ugari izango dira arratsaldez eta gauez.

Sekulako giroarekin hasi ziren Santio jaiak atzo, Astigarragan. Gaztetxoek jarri zieten kolorea aurreneko orduei, txupinazo txikitik hasita; eta Periko Garmendiaren eta Juantxo Zuaznabarren eskutik lehertu zen festa arratsaldean, suziriarekin batera. Giro horrekin eta festa gogoarekin, ordu txikietara arte luzatu zen festa, hasi bezain pronto.

Denak ez dakigu, baina herritar batzuk behintzat goiz espabilatu eta mugituko dira gaur: sukaldariak. Izan ere, marmitakoak hartuko du protagonismoa jaien bigarren egunean, sekulako indarra hartu duen lehiaketarekin. Sukaldarien albora arrimatuko dira beste asko eta asko bazkalorduan, marmitakoak prest daudenean, usain goxo-goxoak erakarrita.

Marmitakoa ez ezik, jolasak, txarangak eta kultur emanaldiak izango dira gaurkoan, bereziki arratsaldean eta gauean.

Gazte txupinazoa eta Jokai jolasak:

 

Haurren bazkaria eta Gaztelekuko bazkaria:

 

Txupinazoa, KDP txaranga eta erraldoien irteera:

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!