Beteranoetatik gazteetara, herria egiten jarraitzeko aldarria

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 22a

Gaztelekuko bazkarian elkartuko dira asko, Joseba Barandiaran plazan.

Santioak oso garai ezberdinetan bizi eta antolatutako bi astigartarrek botako dute jaien hasierako txupinazoa, herriko gazteei bidea erakustearekin batera: garaiak aldatu eta Astigarraga hainbeste hazi den honetan, herria egiten jarraitu dezatela elkarrekin.

 

Omenaldi eta errekonozimendu bat baino gehiago izango da gaur arratsaldekoa, Foru Plazan. Dezente gehiago, biziko denari esanahia eman nahi dionarentzat. Periko Garmendiak eta Juantxo Zuaznabarrek botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik, 19:00etan. Bi beterano, herriko saltsa guztiei bere gatza (eta lana, bereziki lana) jartzeko prest beti, eta Santioen antolakuntzan ere aritutakoak, oso garai ezberdinetan: programa Gobernu Zibilera eraman behar zutenean, zentsura gainditu eta onarpena jasotzeko; ekitaldiak antolatzeko dirua etxez etxe eta enpresaz enpresa bildu behar zenean... Eta auzolana ohiko antolaketa modua zenean.

«Herria egiten saiatu» dira haiek beti, eta elkarrekin herria egiten jarraitzeko adibide dira egungo gazteentzat, garaiak aldatu eta Astigarraga hainbeste hazi den honetan.

Ildo horretatik, herriko talde eta elkarte askoren partehartze­arekin antolatu dute bost eguneko festa, aurten ere. Eta eguzkiak eta beroak ere egingo dute bat haiekin, jaien aurreneko hiru egunetan. Horrela, oraingoan bai, eskertuko dute gaztetxoek txupinazo txikiko ur festa gaur eguerdian (joan den urtean euritan egin zuten, ura uraren gainetik).

Horrexekin jarriko da martxan festetako gurpila, jolasetatik bazkarietara saltoka joango dena, hasiera 'ofizialaren' aurretik. Ez omen dakite zer esan Perikok eta Juantxok, lotsatu egiten omen dira jendaurrean alkatxofa hartuta... Baina hizketan hasten badira, kontuz! Astigartarren oihu 'matemagikoa' botako dute seguru (100 ta 100, 200! Aupa Astiarra!). Eta horrekin, dena esanda.

Suziriak balkoitik zerura eta festa plazara, kalejiran abiatuko dira adin guztietako herritarrak, Kita Del Pare txarangaren, musika eskolako bandaren, erraldoi eta buruhaundien eta Txirrisklako txistularien erritmora.

Hortik aurrera, beste lau egun herriko jaiez gozatzeko, bakoitza bere berezitasun eta ezaugarri propioekin. Marmitakoaren bueltan elkartu dira asko eta asko bihar, eta erretiratuek eta gazteek egingo dute bazkari bana ostiralean, aurreneko (?) gaupasaren aurretik. Bi egun seinalatuekin bukatuko dira aurtengo jaiak, Santioren eta Santa Anaren eskutik.

Kirola gogotik eginda iritsiko dira festetara herritar asko, kirolarekin lotutakoak izan baitira Santioen beroketa saio gehienak. Ziurrenik, festetan nahi adina jan eta edateko karneta eskuratu dute horrela. Eta kirolik egin ez duenak ere, aitortuko dio baimena bere buruari, ze demontre. Horretarako aukerarik ez da falta Santiotan, eta urtean bost egun besterik ez dira... Ondo pasa!

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!