Ez da Halley kometa, baina ezta urteroko kontua ere: asteburuan tokatuko dira Astigarragako festetako bi egun seinalatuak aurten, Santio eta Santa Ana. Eta horiexek jarriko diete errematea, ezin borobilagoa, aurtengo jaiei.
Xelebrea da kontua, baina 11 urte egin behar dugu atzera, bi egunetako ospakizuna horrela tokatu zen azkeneko aldia topatzeko. Eta beste 11 urtez itxaron beharko dugu hurrengorako, 2037an izango baita, bisiestoak tarteko. Sorginkeria bailitzan, hala behar zuen 2020koak ere, baina gehiegi azaldu beharrik ez dago gertatu zena: pandemia bete-betean, ospakizunik ez.
Zientzia kontuak alde batera utzita, eta tradizioei helduta, bide polita dakarten bi egun dira. Galdutako nortasuna berreskuratzen ari da Santio eguna, eta beti bezain indartsu jarraitzen du Santa Anak. Horrekin pozik azaldu da Goldea elkarteko Antton Arka: «Familiako eguna izan da Santio eguna beti, eta nortasuna galdu du. Baina, kosta zaion arren, azkeneko urteetan ari da berreskuratzen, eta familian elkartzen ari dira, eta gero eta indar gehiago hartzen ari da. Ermitako mezak eta plazako soka dantzak ematen diote nortasun hori, eta Mundarrok berreskuratu du Santio egunez ohikoa zen beste ekitaldi bat; pelota partiduak. Eta dagoeneko ohitura haundia duten bi saio dira euskal dantzen erakustaldia eta gauerdiko Larrain Dantza».
Jaiak Santa Ana egunez bukatzea, «oso polita» dela nabarmendu du alkate ohiak. Goldea eta Zipotza elkarteek antolatuta, ohiko egitura izango du egunak, bertako eta inguruko herritar asko erakartzen dituena, eta igandearekin jendetza bilduko duena: Zubietako joaldunak, trikitilariak, baserrigintzako lanen erakusketa, sagardo dastaketa, bertsolariak... eta herri kirol saio bikoitza. Zaldi dema izango da nobedadea, egoerak hala behartuta, orain gutxi arte debekatuta egon baita idi demak antolatzea, gaixotasun bat tarteko.
Beste herri kirol saioan, puntako aizkolariak eta harrijasotzaileak ariko dira, eta asko jokoan: aurten ere, Foru Plazan jokatuko da Gipuzkoako aizkolarien lehenengo mailako txapelketa, arratsaldeko 18:00etan hasita. Sei aizkolari ariko dira aurrez aurre: Julen Alberdi 'Txikia', Arkaitz Etxebeste, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Eneko Otaño eta Xabier Zaldua. Lan haundia daukate aurretik, ordu erdi inguruan jo eta su aritzea eskatuko diena: lau kanaerdiko, lau oinbiko eta 72 ontzako bi enbor. Plaza bete enbor izango da, eta apenas tokirik ez harrijasotzaileak lanean aritzeko; baina eskainiko dute ikuskizun ederra haiek ere, pisu eta forma guztietako harriekin: Mikel Lopetegi 'Urra'k, Malen Morandeirak eta Beñat Telleriak.
Eta Santa Ana eguna borobiltzeko, ez da bertsorik faltako. Eguerdian plaza girotuko dute Aitor Mendiluzek eta Maddalen Arzallusek, eta arratsalderako Erribera aurrean jarri du zita Astigarragako Bertso Eskolak: Nerea Ibarzabal eta Aitor Sarriegi batuko zaizkie aurreko biei, jaialdia eskaintzeko.
Bi egun konpleto, zein baino zein bereziagoa, aurtengo festak modurik onenean bukatzeko.