Festak girotzeko, musika nonahi Astigarragan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 22a

Ospea irabazi du azken urtetan Miruak; ostiral gauean izango da Astigarragan.

Egun zein gau osoan zehar, adin guztietarako aproposa eta estilo ezberdinetako musikaz gozatu ahal izango da.

 

Santioak hasi eta berehala girotuko ditu jaiak musikak. Gaur, arratsalde zein gauean izango ditugu emanaldiak, txupinazoa txalapartariek girotuko dute, eta ondoren Kitadelpare txaranga astigartarra eta Name bandako kideak hasiko dira kalejiran, Foru plazatik abiatuta, baita Txirrisklako txistulariak ere, erraldoi eta buruhaundiekin batera hauek. Gauean, kontzertuak: Sedientos de cumbia taldea Joseba Barandiaran plazan, eta 3TTU erromeria astigartarra eta Slide, txosnagunean. 

Bihar, Joselontxos txarangak saio bikoitza, 13:00etan eta 17:30etan. Eta gauean kontzertu gehiago, 22:30etan txosnan: Zeatikez, Ertz eta herriko DJak. Bestalde, Joseba Barandiaranen, Tapia ta Leturiak Band-ek astigartarrak jarriko ditu dantzan. Eta azkenik, 01:00etan Kitadelparez gozatu ahal izango da.

Duo Azabache izango da ostirala girotzen lehena, 16:00etan Norberto Almandoz plazan, erretiratuen bazkariaren ostean. Arratsaldean, Elektrokupelen alboan zeharkatuko dituzte herriko kaleak astigartarrek, festa giroan, eta gauean sekulako kontzertu sorta: Nemux diskofesta lehendabizi, 22:00etatik 00:00etara, Kontxa Etxeberria plazan; Txosnan Manitu eta DJ Biki-bikiak, 23:00etan; Mirua Joseba Barandiaranen, eta Danborrada zein Kitadelpare Foru plazan, 23:30etan; azkenik, Jagoba eta Attu Ondo 01:00etan, Joseba Barandiaranen.

Asteburuan Santio eta Santa Ana egunak tokatu dira aurten. Larunbatean, Goizeko 06:00etan gaupaseroak Hor konpon txarangarekin ariko dira, herritik bueltaka, eta 09:30etan Txirrisklakoen diana. Arratsaldean Elektrotxufla, 19:00etan. Gauean Itzal erromeria Joseba Barandiaranen, 23:30etan; 00:00etan Larrain dantza herrikoia Foru plazatik abiatuta; eta 00:30etan txosnan Aramu, Yakolev 42 eta DJ Gordas Pinponeras. 

Igandea ere mugitua izango da; 09:30etan Zubietako Joaldunak ariko dira kalejiran, eta 10:00etan Foru plazan Ansorregi eta Alabier. 13:00etan Imperial Elegancia Mexicana mariatxien txanda izango da, Joseba Barandiaranen. Arratsaldean perkusio kalejira, 19:30etan Joseba Barandiaranetik abiatuta, Kolpez Blaiekin. Foru plazan, bitartean, trikitilariak ariko dira, eta afalostean Oxabi, Joseba Barandiaranen. Santioak ixteko, Bueltaxka On Tour eta karaokea izango dira txosnan, 23:00etan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!