Gaurko arratsaldeko 19:00etan izango da Santioei hasiera emateko pregoia eta txupinazoa. Baina dirudienez, haurrek helduek baino gogo haundiagoa dute festetarako, eta haientzako ekintzak eguerdian hasiko dira.
12:00etan botako dute txupinazo txikia, Foru plazan, Xaguxarrek antolatuta, eta orduantxe hasiko dira gaztetxoek prest duten jarduera sorta gaurko. Izan ere, txupinazoa botata, jokai jolasak hasiko dira Txomiñenean, 14:00ak arte: Eskuz egindako eta euskal mitologian inspiratutako sormen jolasak dira. Feria gunea ere 12:00etan irekiko da, Donostia ibilbidean ohi bezala. Bertan, egunero 17:00etatik 18:00etara ordu lasaia izango da, soinu eta argirik gabeko tartea. Tiketek 1,5 euroko prezioa izango dute feria guztietan, gaurkoan. Ondoren, 14:00etan, bazkarien txanda; haurrena eskolako atarian, Xaguxarren eskutik, eta gaztelekuarena Joseba Barandiaran plazan. 16:00etan berriro jokai jolasak, 18:00ak arte Txomiñenean, eta orduantxe hasiko da txokolatada, Foru plazan.