Indarkeria matxista egoerak ekiditeko neurriak, Santiotarako

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 22a

Arreta Puntua eta indarkeria kasuen koordinazio mahaia izango dira festa guztietan zehar, Udaltzaingoaren 24 orduko zerbitzuaz gain.

 

Aurten ere, Santio Jaietan indarkeria matxista egoerak ekiditeko eta artatzeko hainbat neurri zein baliabide jarri ditu martxan Udalak, Berdintasun Txikiarekin elkarlanean: Emakumeon Etxea, Astigarragako Gazte Asanblada, Xaguxar aisialdi taldea eta Matazak indarkeria sexistaren aurka elkartea.

Lehenik eta behin, Arreta Puntua deritzona jarriko dute. Eraso matxisten aurrean arreta bermatzeko eta esku-hartzeko gunea izango da hori, hau da, erasoren bat ikusi edo sufrituz gero, Arreta Puntura jo dezake edonork, laguntza edo informazio eske. Horrela, uztailaren 22tik 25era karpa morea izango da Joseba Barandiaran plazan, 19:00etatik 22:00etara. Bestalde, arreta zerbitzua jaso ahal izango da Emakumeon Etxean (Joseba Barandiaran plazan dago, helbide honetan: Kale Nagusia, 23), 22:00etatik 05:00etara. Eta ordutegi osoan zehar (19:00-05:00), arreta telefonikoa martxan egongo da, 638 20 65 86 telefonoan. 

Bigarrenik, indarkeria kasuen koordinazio mahaia ere eratu da, 2024tik abian dena. Xedea du eraso baten aurrean jaien antolaketako eragileen eta Udalaren arteko koordinazioa ahalik eta eraginkorrena eta azkarrena izatea. Hau osatuko dute Udaleko hainbat sailek (Alkatetza, Berdintasuna, Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak eta Kultura eta Jaiak) eta herriko hainbat elkarteetako (Jai Batzordea, Gazte Asanblada eta Emakumeon Etxea) ordezkariek. Eta mahaiaren eginkizuna da gertakarien inguruko informazioa modu eraginkorrean transmititzea, eta erasoren bat egotean, jai-egitarauaren bueltan hartu beharreko neurriak elkarrekin adostea.

Azkenik, Udalak azpimarratu du Udaltzaingoa 24 orduz egongo dela jaietan, eta edozein indarkeria kasuren aurrean haiengana jotzeko aukera izango dela, aurrez aurre edo 699 48 75 87 telefonora deituta.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!