«Festetan makina bat suziri botatakoak gara, baina aurtengoa ezberdina izango da, oso berezia»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 21a

Periko Garmendiak eta Juantxo Zuaznabarrek botako dute txupinazoa bihar, aurtengo Santio Jaiei hasiera ofiziala emateko. Urtetan herriaren mesedetan egindako lan boluntario nekaezinaren aitortza jasoko dute horrela, beraiei hala aritzea natural ateratzen zaien arren. Eliz atzean daukaten baratzean elkartu dira Kronikarekin, solasean aritzeko.

Zuei eman dizuete aurten txupinazoa botatzeko ardura. Nola hartu zenuten notizia?

Periko: Harrituta, ez genuen espero inondik inora. Sorpresa batzuk jasotzen ditugu tarteka, batetik eta bestetik deituta… Baina horrelakorik ez genuen imajinatzen. Eta harrituta nago jende askok zoriondu gaituela egun hauetan. Ez nuen uste hainbesterako izango zenik.

 

Aurtengoan, gainera, izan da herritarrek proposatuta eta aukeratuta. Zuentzat polita izango da jakitea herritarren errekonozimendu hori daukazuela, ezta?

Juantxo: Ohore bat da, espero ez genuena. Egia esan, ohituta gaude saltsa guztietan ibiltzen. Deitzen digute, eta nola jubilatuta gauden, prest gaude beti laguntzeko. Baina sorpresa izan da jendea gutaz gogoratzea. Hala ere, aipatu behar da gure aurretik zeudela haurrei futbolean erakusten aritzen direnak, baina kanpoan direnez ezingo zuten egon… Eta guri eman digute aukera, bigarrenak izanda.

 

Merezitako omenaldia, edozein kasutan. Bisualizatu al duzue momentua, balkoira aterata? Nola bizituko duzuen, zer esan…

Periko: Keba, keba! Naroari eskatu nion zerbait idazteko, guk balkoitik zerbait esateko. Ze gu hasten bagara hizketan… Izan dadila ahalik eta motzena, gu ez baikara horrelakoetan hizketan erraz aritzekoak. Berriketan bai, baina jendaurrean…

Juantxo: Nik ez dut balio alkatxofa hartuta hitz egiteko. Nerbioso jartzen naiz eta…

 

Zuek, gainera, plazakoak bertakoak zarete. Berezia izango da…

Periko: Bai bai, plazakoak kasta desberdinekoak gara! (barrez)

Juantxo: Betidanik izan da plaza gure jolaslekua, baita festetarako tokia ere. Halaxe gara bai, plazakoak. Zerbait berezia badaukagu… (barrez)

 

Txupinazoa biok elkarrekin botatzea ere, polita izango da zuentzat.

Periko: Lehenago ere makina bat suziri botatakoak gara, festak guk antolatzen genituenean, baina hau desberdina da. Ez dakit nola egingo dugun, batek paleta heldu eta besteak su eman!

Juantxo: Edo batek hitz egin eta besteak su eman.

Periko: Baina bai, polita da elkarrekin botatzea. Aspalditik gabiltza elkarrekin, jubilatu ginenez geroztik. 15 urte dira ni jubilatu nintzela. Ilarrarekin hasi ginen, Baratz Elkartea sortuta. Eta ordutik egunero-egunero, kontu batekin ez bada bestearekin. Herriko baratzetan ere aritzen gara makina pasatzen, edo Sagardoetxean. Edozein tokitatik deitzen digutela, gu beti prest. Beste zereginik ez dugu eta. Bueno, badauzkagu beste zeregin batzuk ere, andreak hala esaten dit! (barrez) Baina konpromisoa hartuta daukagu, eta horretan aritzen gara, ahal denean behintzat.

 

Jubilatuz geroztik elkarrekin… baina nondik dator zuen harremana?

Periko: Betidanik!

Juantxo: Gaztetatik, bai. Periko ni baino haundixeagoa da, baina…

Periko: Haundixeagoa ez, zaharragoa.

Juantxo: Baina beti izan dugu harremana. Plazaren inguruan bizi ginen, eta edozein konturekin beti elkartzen ginen.

Periko: Iñularrero egoten ginen denak plazan, ez baitzegoen telebistarik eta horrelakorik. Gurasoak berriketan, eta gu jolasean. Eta 21:30etan edo 22:00etan denak etxera. Baina beti genbiltzan elkarrekin. Juantxoren anaiarekin ere bai, bera baino pixka bat zaharragoa zena. Plazakoak ginenak, kintakoak beti beti ibiltzen ginen elkarrekin. Astigarragakoak ere elkartzen ginen, baina plazakoak are gehiago. Eskola ere bertan zegoen, gainera.

 

Astigarraga dezentez txikiagoa zen orduan. Nola gogoratzen duzue garai hura?

Juantxo: Ez ginen iristen bi mila biztanlera, eta gaur zortzi mila gara. Atera kontuak.

Periko: Denek ezagutzen genuen elkar.

Juantxo: Garai hartan, festak antolatzeko, etxez etxe ibiltzen ginen dirua biltzen. Orduan Donostiaren parte ginen oraindik, eta udaletxeak…

Periko: Ni Donostiakoa ez naiz behin ere izan! Astigartarrak ginen.

Juantxo: Tira, baina Astigarraga Donostiaren parte zen garai hartan. Eta Donostiako Udalak musika ordaintzen zuen. Gainerako guztia antolatzeko, enpresetan eta etxez etxe dirua biltzen aritzen ginen. Gerora, Astigarragako Udalak hartu zuen jaien ardura, eta dena erraztu zen.

 

Lehenago ere bai ziur, baina azkeneko urteotan makina bat saltsatan aritu zarete…

Periko: Bai, lehenago ere bai, baina lanarekin… Ni kooperatiba batean aritzen nintzen, goizez, arratsaldez, gauez… Orduan, asteburuetan egiten genituen gauzak. Lana, semeak hezi… Ez geneukan hainbesteko denborarik, baina zerbait antolatzen bazen, beti laguntzeko prest. Orain jubilatuta bai. Semeak hala esaten dit, ‘egiteko besterik ez daukazu, eta segi!’. Lehen baino ordu gehiago pasatzen ditut lanean…

Juantxo: Batez ere ilarrarekin hasi ginen, orain dela 16 urte gutxienez. 15 ilar klase egiten ditugu hemen, elizaren atzealde honetan, umeei erakusteko. Bisita gidatuak egiten ditugu ikastolako umeekin. Eta horrekin hasita, gerora herriko baratzetan ere bai. Denbora aise pasatzen zaigu horrela! Ez gara batere aspertzen.

 

Hori guztia, afizioz eta 
borondatez. Ofizioz zertan aritutakoak zarete?

Periko: Nik elektrizista ikasi nu­en Hernanin, EPOn. Baina denborarekin, Hernaniko Mitxelena kooperatiban sartu nintzen, eta 30 urte egin nituen bertan.

Juantxo: Nik, berriz, kimika ikasi nuen. Eta ez nuen horretan lanik topatu, duela 30 bat urte Hernaniko Electroquimican hasi nintzen arte. Kontrolean aritu nintzen, ordenagailuekin, fabrika kontrolatzen. Horretan aritu naiz 28 urtez.

 

Herritarrek nabarmendu dituzte zuen ‘herri mailako dedikazioa eta konpromisoa’, ‘beti edozertan laguntzeko prest egotea’, ‘Astigarragaren alde egindako lan nekaezina’... Baina zuek hori guztia naturaltasunez egiten duzue...

Periko: Bai bai, ahal dugunean behintzat, eskatzen diguten guztietan gaude laguntzeko prest, inolako arazorik gabe.

Juantxo: Kulturalki, auzolana bizi izan dugu. Orain, San Joan sua egiteko lau palet erretzen dituzte. Garai batean, gu aritzen ginen inguruko bide eta zonaldeetan larrak mozten, zokoak garbitzen; eta larrekin eta horrelako zikinkeriarekin egiten genuen meta, San Joan bezperako sua egiteko.

Periko: Ergobikoekin borrokan aritzen ginen, zeinek eraman zein! Haiek zioten Ergobikoak zirela lar haiek, eta guk ezetz…

Juantxo: Festak antolatzen genituenean ere, gazte ginela, 15-16 urterekin, egiten genuen aurrena dirua bildu; eta ondoren, txabola bat plazaren ondoan, taberna edo txosna bezala. Bertan bildutako dirua, langabeentzako zen. Eta gogoan dut familia bat, lau edo bost seme-alabarekin, paroan geratu zena. Bildutako diru apurrak familia hari eman genizkion, eta beti estimatu izan digu. Horrelako gauzetan ere aritu gara. Ondarruko arrantzaleek greba egin zutenean ere, Ergobiko semaforoan jartzen ginen lau edo bost lagun, zaku batekin, haiei laguntzeko dirua eskatzen.

 

Auzolana eta boluntariotza, gainbeheran dijoazen kontuak dira. Nola ikusten duzue hurrengo belaunaldietan, hemen Astigarragan?

Juantxo: Orain ere badago, baina… Biztanle gehiago gara, gazte gehiago daude…

Periko: Erraztasun gehiago ere bai!

Juantxo: Beste kultura bat da. Baina badaude gazteak, borondate onarekin dabiltzanak, Astigarren, Zipotzan eta beste hainbat taldetan. Kontua da lehen baldin baginen 100 gazte, eta 20 aritzen baginen lanean; orain 1.000 gazte izanda ere, 20 direla horretan dabiltzanak. Horretan dago diferentzia.

Periko: Hori sentitu egin behar duzu, berez atera behar zaizu. Ezin da obligazio modura hartu, eta begira ibili besteak egiten duen edo ez. Zuk sentitzen baduzu egin behar duzula, egiten duzu. Ni behintzat oso harro sentitzen naiz Astigarragakoa; orduan, nola ez dut ba egingo Astigarragarako den zerbait? Ahal dudan bitartean behintzat. Lehen, edozer egin behar zela ere, auzolanean biltzen ginen eta denen artean egiten genuen, zalantzarik egin gabe. Egin behar zen, eta kitto. Beti izan dira batzuk gehiago inplikatu direnak, eta beste batzuk gutxiago. Baina norberak herriarengatik eman behar du sentitzen duen hori.

Juantxo: Festetan, bukatzen zirenean, ospatu egiten genuen. Hurrengo eguna izaten zen gure eguna. Bazkari bat egiten genuen. Bi arrautza prejitu, e! Ez bixigurik eta horrelakorik… Baina festak ondo bukatu izanaren poz horrekin. Lanak ondo egin eta bukatu izanaz gozatzea, ederra zen.

Periko: Baina festak ondo bukatzeko, aurretik… Programa prestatu eta Gobernu Zibilera joan behar izaten zenuen. Eta Ez Dok Amairu, Benito Lertxundi edo horrelakoren bat ekarri behar bazenuen… Atzera botatzen zizuten, eta programatik borratu behar. Nieves joaten zen gurekin, idazmakinarekin. Atzera bota zutena kendu, programa berriro osorik idatzi… eta halako batean onartzen zizuten.

Juantxo: Makina bat gezur sartu ditugu! Egia ezin jarri eta...

Periko: Eta beti beldurrez. Beste egoera bat zen. Orain askatasun eta erraztasun gehiago dago gauzak egiteko. Baina garai hartan, segun eta zer, debekatua eta persegitua zegoen. Programak ateratzen genituen azkenerako, baina makina bat buelta emanda. Dirua biltzeko ere berdin, enpresetan. Orain baino konfiantza gehiago zegoen, eta inplikatzen zen jendea. Anuntzio txiki bat jartzen zenuen programan, eta aurrera. Eta etxez etxe, berriz, errifak saltzen.

 

Boluntariotzak bezala, nekazaritzak ere badauka etorkizun ilun xamarra, ezta?

Periko: Iluna eta tristea.

Juantxo: Bai, hala da. Horren adibide, guk Larraburun bizitu dugun esperientzia. Behemendik terreno bat utzi zuen gure esku, gazteren bat animatzen zen bitartean. Eta sartu zen gazte bat, baina hark ere utzi egin behar izan zuen azkenean. Oso zaila dago, denagatik. Porru batek kostu bat dauka, eta merkeago ekartzen dizute Almeriatik edo Valentziatik. Ez dago horrekin konpetitzerik.

Periko: Eta oraingo giro honekin zer esanik ez. Kristoren galerak izaten ari dira, letxugak izorratuta, bainen erdiak ere bai… Euria dela edo sekulako beroa dela, produkzioaren erdia izorratzen zaizu, eta orduan zer? Eman horri buelta! Horretan dabiltzanek ez daukate erreleborik. Enpresa batean zortzi orduz lan egin, eta soldata ziurtatua daukazu.

 

Zuek elizatze honetan eta herri baratzetan aritzen zarete.

Periko: Bai, hemen ilarra egiten dugu, hiru bankaletan; 15-16 ilar mota. Umeak ikastolatik etortzeko primeran. Erakusten dizkiegu, katak egin… Eta herri baratzetan, makina guk pasatzen dugu lursail guztietan.

Juantxo: Makina berez Udalarena da. Guk ez genuenez, Udalari eskatu genion, eta trukean hartu genuen eskatzen zuten guztiei makina pasatzeko ardura, astero. Instruktore ere aritzen gara, galdetzera etortzen zaizkigu hau eta bestea nola egiten den. Uste dut Udalak horregatik utzi zizkigula bi partzela Baratz elkartearentzat, gu bertan egoteko… (barrez). Ez dakiena bideratu egiten dugu pixka bat, eta guk ere ikasi egiten dugu. Erakutsi eta ikasi, baratzean ez baituzu dena jakiten. Gaitz berriak daude, zomorro berriak ere bai, eta klima aldatzen ari da.

Periko: Gustura aritzen gara, jende gehiena majoa da han. Hasiberriek pentsatzen dute hori dela jarri eta 15 egunera biltzera joan. Baina erakutsi behar zaio zaindu egin behar dela, belarra kendu… eta lasai hartu behar dela. ‘Ez da ba pentsatzen nuena…’. Baina gehienak moldatzen dira.

 

Txupinazoaren unean, hantxe izango zarete udaletxeko balkoian, plazatik denak begira dituzuela. Zuek nola ikusten dituzue Astigarraga eta astigartarrak?

Periko: Nik esan behar dut kristoren beldurra neukala, hainbeste etxe egin eta Astigarraga zabaltzen hasi zirenean, zein jende etorriko zen herrira. Baina zeharo pozik nago. Edozein ekitaldi antolatzen dela, jende pila bat elkartzen da. Gainera, %80a jende gaztea da, ume txikiekin eta. Oso pozik nago. Batetik, erribera izorratu egin dute pixka bat, hainbeste etxerekin. Baina bestetik, etorri den jendearekin gustura nago. Ez da buruan neukan beldur hori. Gainera, jakinda Donostiatik etorriko zirela asko, pentsatzen zenuen ‘kalekumez beteko da hau’. Baina edozer gauza egin eta jende asko gerturatzen da. Eta balkoitik begira, harro egongo naiz, jesukristoren jende pila egongo delako plazan.

Juantxo: Nik arrunt aldatuta ikusten dut herria. Baina dena aldatu da. Garai batean, telebista zeukaten batzuek, baina horixe besterik ez. Orain, berriz, ordenagailuak, mobilak eta denetik. Teknologia izugarri aldatu da, klima ere bai, eta pertsonak berdin. Guk lehengo era zaharrean jarraitzen dugu, baina… Mundu mailan gertatu da aldaketa hori, eta hemen ez da diferentea. Gazte batzuk badaude gehiago mugitzen direnak, baina beste batzuk berekoiagoak dira. Bere bizitza eta bere mundua, besterik ez dute ikusten.

 

Jaien atarian eta pregoiaren aurretik, zer esan nahiko zeniekete astigartarrei?

Periko: Gauza asko esango nizkieke, baina batzuk ezin dira esan… (barrez). Festak ondo pasatu ditzatela, eta txorakeriak utzita disfrutatu dezatela.

Juantxo: Nik esan nahiko nuke herria egiten saiatu garela, eta orain ‘attonduta’ ere herria egiten saiatzen jarraitzen dugula, gazteak animatzeko. Bizipoza dira gazteak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!