Santiotako zapiak doan, Astikoren eskutik

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 21a

Elkarteko kideak, zapiekin.

Uztailaren 17tik daude eskuragarri zapiak, Astigarragako hainbat establezimendutan, agortzen diren arte.

 

Bihar bertan botako dute txupinazoa Astigarragan, aurtengo Santioei hasiera emateko. Eta urtero bezala, Astigarragako Astiko Elkarteak Santio Jaietako zapiak banatu ditu. Horrela, pasa den uztailaren 17tik eskuragarri daude herriko hainbat establezimendutan, nahi duenarentzat, agortzen diren arte behintzat. 

Eta ekimenarekin batera, Astikok jasangarritasunaren aldeko mezua zabaldu nahi izan du. Elkarteak gogorarazi du azken urteotan milaka zapi banatu direla, eta beraz, herritar askok horietakoren bat etxean izan dezaketela. Horrela, aurreko urteetako zapiak dituztenek horiek berrerabili ditzaten animatu ditu elkarteak, berri bat hartu baino: «Keinu txiki horren bidez, Astikok Santio jai jasangarriagoak sustatzen lagundu nahi du, material berrien kontsumoa murriztuz, eta era berean, jaiei egiten dion ekarpenari uko egin gabe».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!