Euskararen Etxearen berritze obrak bukatu berritan, akordioa sinatu dute Astigarragako Udalak eta AEKk. Horrela, datozen 15 urteetan, AEK arduratuko da Nabarra Oñatz kaleko 11garren zenbakian kokatzen den espazio berriaren kudeaketaz. Bertan, bestalde, «euskeraren inguruko jarduerak burutuko dira, eta euskerarekin zerikusia duten eragileen topagune izango da». Irailaren 3an zabalduko ditu ateak Euskararen Etxeak, jada pentsatuta duten eta momentuz sekretupean mantendu nahi duten beste izen batekin, oraingo izena ez baita definitiboa.
Beraz, eraberritutako lokalean, AEKren ohiko jardunez gain, Astindu Euskara Elkartearen bilerek, Euskararen Mahaiaren lan-saioek eta euskeraren inguruko bestelako ekimen eta jarduerek ere espazioa izango dute. Horretarako, lokala honakoez osatuta dago: lau ikasgela, irakasle gela bat, bilera gela bat, areto nagusi bat, sukaldea (aurretik zegoen haurreskolakoa mantendu da), eta noski, komunak.
Aspalditik datorren kontua da AEKk egoitza finkoa izatearena; izan ere, azken urteetan, Astigarragako AEKk bere jarduna hainbat gunetan banatuta garatu behar izan du, eta horrek «zailtasunak ekarri ditu eguneroko funtzionamenduan». Astindu Euskara Elkartearentzat ere baliagarria izango da lokal berria, «espazio propioa izateak hasierako ibilbidea indartzen lagunduko du, baldintza egokiak eskainiko baitizkio bere jarduera garatzeko, saretzeko, herriko euskaltzaleak aktibatzeko eta ekimen berriak bultzatzeko».
Euskeraren normalizazioa, lehentasun estrategikoa Astigarragako Udalarentzat
Xabier Urdangarin alkateak esan bezala, «euskeraren normalizazioa lehentasun estrategikoa da Astigarragako Udalarentzat», eta ildo horretan kokatzen da 2024-2029 Astigarragako Euskararen Plan Estrategikoa. Plan honek helburu eta oinarri ditu «herritarren parte hartzea, elkarlana eta hiztun komunitatearen indartzea. Euskararen Etxea estrategia horren baitan dagoen proiektu nagusietako bat da».
Gainera, alkateak nabarmendu du Astigarraga herri euskalduna den arren, euskeraren erabilerarekiko «erronka garrantzitsuak» dituela aurrean, eta Euskararen Etxearen helburua izango dela horiei aurre egiten laguntzea: euskeraren erabilera sustatzea, herriko eragileen arteko lankidetza sendotzea eta euskeraren inguruko ekimen berriei bidea ematea.
Horrela, irailaren 3an herriko eragileek bisitatuko dute «elkarlanetik sortutako» espazioa, eta hilabetean zehar hainbat ekitaldi zein aurkezpen jarduera egingo dira.