Hamaika jarduera Santioen aurretik, gorputzak berotzen hasteko

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 17a

Iazko sardin jatea, Aurrera txuri-urdinak elkartearen eskutik.

Gaur hasita, gisa guztietako eta adin guztietarako ekintzak antolatu dituzte, batik bat kirola, musika eta jan-edanarekin zerikusia dutenak; hori bai, guztiak dira entretenigarriak, eta herritarren jaietarako gogoa pizteko aproposak.

 

Badatoz Astigarragako Santio Jaiak, eta nabariko dute hori herritarrek gaurtik datorren asteartera bitartean. Izan ere, hamaika jarduera antolatu dituzte herrian datozen egunetarako, gorputzak berotzen hasteko eta astigartarren jaietarako gogoa pizteko, nahiz eta horretarako beharrik, seguruenik, ez dagoen, txupinazoa botatzeko unea iristeko irrikitan egongo baitira herritarrak.

Esan bezala, gaur bertan izango dute astigartarrek hainbat ekintzaz disfrutatzeko aukera, arratsaldean zein gauean. 17:00etan hasita, oztopoen zirkuituan parte hartu ahal izango dute 7 urtetik gorako haurrek, baita nerabe eta helduek ere. Andre Gobadarien ibai parkean izango da, aurretik izena emanda. Ondoren, 19:00etan, Nazioarteko Folk Jaialdia ospatuko da, Poloniako, Galizako, Portugaleteko Elai Alaiko eta Astigar dantza taldeko kideen partehartzearekin. Txomiñenean izango da. Gaueko 22:00etan, berriz, Santio Jaietako IV. Esku Pilota Txapelketaren lehen finalerdia jokatuko da, hau ere Txomiñenean, Mundarrok antolatuta.

Jarraitzeko, bihar, egun osoan zehar izango da zer egin Astigarragan. Goizeko 10:00etan hasita, XXIV. Iker Ruiz Barandiaranen omenezko 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko da kiroldegian, infantil, kadete, jubenil eta senior taldeen partehartzearekin, Mundarro elkarteak antolatuta. Arratsaldean, Santiotako hirugarren Pala Txapelketaren finala jokatuko da Txomiñene­an, hau ere Mundarro elkarteak antolatuta, 17:30etan. Eta eguna borobiltzeko, jan-edana. Sardin jatea egingo dute Emakumeon plazan, Aurrera txuri-urdinak elkarteak antolatuta.

 

Santiomendiko txirrindularitza igoera, bertan behera

Igande goiza (uztailak 19) irekitzekoa zen Santiomendiko txirrindularitza igoera herrikoia, urtero bezala, goizeko 10:00etan hasita; baina aurtengoan bertan behera geratu dela iragarri dute antolatzaileek.

Gauzak horrela, igandean, goizeko 11:00etan hasiko dira ekintzak, haurrentzako herri kirol jolasekin zehazki. 3-6 urte bitarteko gaztetxoei bideratuta dago jarduera. Kontxa Etxeberria plazan izango da, eta 13:00ak arte iraungo du.

Arratsaldean, berriz, kirol kontuekin jarraituko dugu, Santio Jaietako IV. Esku Pelota Txapelketaren bigarren finalerdia jokatuko baita Txomiñenean, 17:30etan hasita, eta noski, Mundarrok antolatuta. Honen ondoren jakingo dugu nortzuk jokatuko duten txapelketako final haundia, hilaren 25ean (larunbata) izango dena, Txomiñenea pilotalekuan bertan hori ere, arratsaldeko 19:30etan hasita.

Eta azkenik, igandeko azken ekitalditik txupinazora (ekainak 22, asteazkena) bitarteko egunak hutsik ez geratzeko eta gorputzak ez hozteko, mahai jokoen finalak jokatuko dira, Galtzaur elkarteak antolatuta. Datorren asteko astelehen, astearte eta astezkeneko (uztailak 20, 21 eta 22) arratsaldeko 17:00etan izango dira.

 

SANTIOAK 2026

AURREKO EKINTZAK

GAUR, ostirala

17:00, Oztopoen zirkuitua: 7 urtetik gorako haurrentzat, nerabeentzat eta helduentzat, Andre Gobadarien ibai parkean.

19:00, Nazioarteko Folk Jaialdia: Polonia, Galiza, Portugaleteko Elai Alai eta Astigar dantza taldeen eskutik, Txomiñenean.

22:00, Santio Jaietako IV. Esku Pelota Txapelketaren lehen finalerdia, Txomiñenean, Mundarrok antolatuta.

BIHAR, larunbata

10:00, XXIV. Iker Ruiz Barandianen omenezko 3x3 saskibaloi txapelketa, kiroldegian: infantil, kadete, jubenil eta seniorrak. Mundarrok antolatuta.

17:30, Santiotako hirugarren Pala Txapelketaren finala Txomiñenean, Mundarro elkarteak antolatuta.

19:00, Sardin jatea, Emakumeon plazan, Aurrera txuri-urdinak elkarteak antolatuta.

UZTAILAK 19, igandea

11:00 Herri kirol jolasak: 3-6 urte bitarteko haurrentzat, Kontxa Etxeberria plazan, 13:00ak arte.

17:30 Santio Jaietako IV Esku Pilota Txapelketaren bigarren finalerdia Txomiñenean, Mundarrok antolatuta.

UZTAILAK 20, 21 ETA 22, Astelehen, astearte eta asteazkena

17:00, Mahai-jokoen finalak, Galtzaur elkarteak antolatuta.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!