Bizilagunekin partekatu du Udalak Anuskako berritze proiektua, eta ekarpenak egiteko aukera ireki du

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 14a

Bizilagunei auzkeztu zitzaien proiektua, eta ekarpenak egin zituzten.

Auzoa berritzeko obrak 2027ko udaren aurretik hastea espero da, baita 800.000 eta 900.000 euro bitarteko kostua izatea ere.

 

Astigarragako Udalak bi bilera egin zituen orain dela bi aste, Anuskako bizilagunekin batera. Auzoan egingo den berritze proiektuaren berri eman zien bizilagunei, eta haien iritzi zein proposamenak jaso zituzten. Udalak proiektuaren helburu nagusiak partekatu zituen auzotarrekin, eta hauek auzoaren egungo egoerari eta beharrei buruzko ekarpenak egin zituzten. 

Horrela, Udalaren arabera, Anuska auzoa berritzearen helburuen artean daude «irisgarritasuna hobetzea, oinezkoei lehentasun haundiagoa ematea, aparkalekuak berrantolatzea eta gaur egungo zerbitzuak egokitzea; ur zikinak, euri urak, hornidura eta argiteria, besteak beste». Horrez gain, jasangarritasunaren aldeko neurriak ere jaso dira proiektuan, hala nola Drainatze Iraunkorreko Hiri Sistemak (SUSD) txertatzea, «euri urak modu eraginkor zein jasangarriagoan kudeatzeko».

Proiektua idazten amaitu ondoren zehaztuko da kostua (800.000 eta 900.000 euro artekoa izatea espero da). Aurreikuspena da urte amaiera baino lehenago exekuzio proiektua amaituta egotea, eta dena ondo bidean, 2027ko udaren aurretik obrekin hastea, urtebete inguruko iraupena izango dutenak. Udalak herritarren ekarpenak kontuan hartuko ditu. Bileran jasotakoez gain, Udaleko erregistroan edo alkatetza@astigarraga.eus helbidera idatzita aukera dago irailaren 4ra arte proposamenak aurkezteko.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!