Juantxo Zuaznabarrek eta Periko Garmendiak botako dute Santio jaietako txupinazoa

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 10a

Jai batzordeko kideak eta udal ordezkariak, Santio jaiei harrera egiteko talde argazki xelebrean.

Astigartarrek proposatuta izango dira aurtengo festen hasierako protagonistak, «herri mailako dedikazio eta konpromisoagatik». Atzo aurkeztu zuten festetako egitaraua.

Santio jaietako egitarau osoa, hemen ikusgai

 

Bi aste exkax falta dira Santio jaiak hasteko, eta dagoeneko utzi dituzte agerian aurtengo festen zutabe nagusiak. Eta aurrenekoak, herritar asko poztuko ditu. Izan ere, aurkezpen haundirik behar ez duten bi astigartarri emango diete ardura eta ohorea, aurten, Santiotako txupinazoa botatzeko: Juantxo Zuaznabarrek eta Periko Garmendiak emango diete hasiera festei, herritarrek hala erabakita, «herri mailako dedikazio eta konpromisoagatik».

Aurten aurrenekoz luzatu die aukera Udalak herritarrei, txupinazoa zeinek bota behar zuen proposatzeko; eta asko izan dira Zuaznabarren eta Garmendiaren lana eta ekarpena nabarmendu dutenak. Besteak beste, goraipatu dituzte «herriari egindako ekarpen nekaezina», «beti edozein gaitarako prest egotea», eta «Astigarragaren aldeko dedikazioa eta konpromisoa».

 

Santiotarako beroketak, uztailaren 17tik aurrera

Ondoko argazki xelebrea ateratzearekin batera, aurtengo jaien nondik norakoak ere aurkeztu dituzte jai batzordeko kideek eta udal ordezkariek. Asteazkenez hasiko dira Santioak aurten, uztailaren 22an; eta bost egunez izango da festa, hilaren 26ra arte, igandea.

Edonola ere, eta urtero bezala, motorrak berotzeko makina bat jarduera izango dira aurretik, uztailaren 17an hasita. Kirol jarduerak izango dira gehienak, baina ez da faltako kultur emanaldirik eta sardin jaterik ere.

Uztailaren 20tik 22ra, berriz, Galtzaurren mahai jokoen finalak izango dira arratsaldero, 17:00etan elkartean bertan.

Eta 22an lehertuko da festa, txupinazo bikoitzarekin. Aurrenekoa eguerdian, herriko gaztetxoena, Xaguxarrek antolatuta; eta bigarrena, txupinazo nagusia, 19:00etan Juantxo Zuaznabarrek eta Periko Garmendiak botako dutena.

Bi nobedade nabarmendu dituzte aurtengo festetarako. Batetik, txosnaguneko eremuan karpa eta azpiegitura gehiago jarriko dituzte aurten, «bazkarietan eta afarietan herritarrak erosoago egoteko». Eta bestetik, 'Attu ondo' ekimena jarri du martxan Astindu elkarteak, Astigarragako Gazte Asanbladarekin batera, «euskal musika sustatzeko». Horrela, euskal musika soilik izango da entzungai uztailaren 24ko goizaldean, 02:00etatik 02:30etara, ekimenarekin bat egin duten tabernetan: Bukoi, Gure Leku, Ikatza, Kizki, Kupela, Pastoriza, Robin, Txiki, txosnagunea eta Zipotza.

Gainerakoan, ohi bezala, makina bat jarduera eta emanaldi izango dira haurrei eta nerabeei zuzenduta, baita barrakak eta atrakzioak ere. Helduentzat, berriz, lehiaketaz, kultur emanaldiz eta jarduera herrikoiez jantzi dute bost eguneko programa. Eta otorduak izango dira egunero, adin guztietako astigartarrentzat. Aurten, gainera, bazkariak eta afariak bakarrik ez, gosari herrikoia ere izango da uztailaren 25ean, Zipotza elkarteak antolatuta, 07:00etatik aurrera.

Eta musika, nola ez, etenik gabea izango da, bai plaza ezberdinetan, baita kalez kale ere. 

Egitarauaren xehetasunak ematearekin batera, hainbat neurri ere eman ditu aditzera Udalak. Batetik, ohi bezala, indarkeriaren aurkako prebentzio, arreta eta koordinazio neurriak hartuko dituzte, herria segurua izan dadin festetan ere. Era berean, suzirien erabilera murriztuko dute aurten, Santioak «guztiontzat errespetuzkoagoak eta inklusiboagoak izan daitezen», gutxituz zaratak eragiten dizkien eragozpenak zenbait gaixotasun edo sentikortasun dituzten pertsonei nahiz animaliei. Eta azkenik, datozen egunetan emango dute jaiek trafikoan eragingo dituzten aldaketen berri. 

SANTIO JAIEN AURREKO EKINTZAK - EGITARAUA

UZTAILAK 17, ostirala

17:00-20:00, Oztopoen zirkuitua, Kontxa Etxeberria plazan:

17:00-18:00, 7-11 urtekoak

18:00-19:00, 12-16 urtekoak

19:00-20:00, 16 urtetik gora

19:00, Nazioarteko Folk Jaialdia, Txomiñene frontoian: Poloniako eta Galiziako taldeak, Portugaleteko Elaia alaia, eta Astigar dantza taldea.

22:00, Santio jaietako IV. esku pelota txapelketaren aurreneko semifinala, Txomiñene frontoian, Mundarrok antolatuta.

UZTAILAK 18, larunbata

10:00, XXIV. Iker Ruiz Barandiaranen omenezko 3x3 saskibaloi txapelketa, kiroldegian, Mundarrok antolatuta.

17:30, Santiotako III. pala txapelketaren finala, Txomiñenen, Mundarrok antolatuta.

19:00, Sardin jatea, Emakumeon plazan, Aurrera Txuri-urdinak elkarteak antolatuta.

UZTAILAK 19, igandea

10:00, Santiomendiko txirrindularitza igoera herrikoia, Joseba Barandiaran plazatik abiatuta. Donostialdea Bizikletan taldeak antolatuta, infantil, kadete, junior eta senior mailakoentzat.

11:00-13:00, Herri kirol jokoak, 3-6 urtekoentzat, Kontxa Etxeberria plazan.

17:30, Santio jaietako IV. esku pelota txapelketaren bigarren semifinala, Txomiñenen, Mundarrok antolatuta.

UZTAILAK 20, 21 eta 22

17:00, Mahai jokoen finalak, Galtzaur elkarteak antolatuta.

 

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!