EAJk etxebizitza krisiaren aurrean geldotasuna leporatu dio EH Bilduri

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 9a

Arazo honen aurrean udal gobernuak hartutako neurriak nahikoak ez direla diote jeltzaleek, eta hainbat konponbide proposatu ditu EAJk.

 

Astigarragako EAJk salatu du EH Bilduren Udal Gobernuak ez duela «neurri eraginkorrik» abian jarri gaur egun herritarrei eragiten dien «arazo nagusietako bati aurre egiteko»; etxebizitza eskuratzea. Jakina denez, Astigarraga eremu tentsionatu izendatu dute, eta egoera honek «eskuartze irmoa, planifikatua eta emaitzak zehatzak eskaintzen dituena eskatzen du» jeltzaleen arabera. 

Datu bat azaleratu dute, Etxebidetik ateratakoa: gaur egun 1.238 pertsonak eman dute izena Astigarragan etxebizitza bat eskatzeko; horietatik 632k erosi egin nahi dute, eta 606k alokatu. EAJren ustez, kopuru horiek «arazoaren larritasuna islatzen dute, eta herriko etxebizitza eskaintza haunditzea ahalbidetuko duten politikak sustatzeko beharra agerian uzten dute».

Bestalde, jeltzaleek diotenez, «Astigarraga tentsionatutako ere­mu izendatzeak ez du arazoa konpontzen. Gure herritarrek ekimen zehatzak behar dituzte, etxebizitza eskaintza haunditzeko eta aukerak sortzeko, haien bizi proiektua herrian bertan garatzeko aukera izan dezaten».

Horrela, soluzioak proposatu ditu EAJk, hala nola bizitegi-eremu berriak garatu, etxebizitza eta lokal hutsak aktibatu, erabilera-aldaketa jakin batzuk malgutu, dagoen eskariari egokitutako etxebizitza berriak sortu eta etxebizitza tasatua erabili. Azken hau merkatu libreko prezioei aurre egiteko gaitasunik ez duten herritarrei erantzuteko «funtsezko tresna» izan daitekeela esan dute jeltzaleek.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!