Herriaren eta udalaren hazkundearen aurrean, arreta zerbitzua hobetzeko prozesuan murgildu da Astigarragako Udala, azkeneko bi urteotan. Eta lanketa horren aurreneko emaitza, lehenengo urratsa izango dena, astelehenean aurkeztu zuten: egoitza elektronikoaren eskaintza zabaldu eta hobetu dute, herritarrei lanak errazteko. Horrela, tramite gehiago egin daitezke orain telematikoki, eta bakoitzaren atala eta inprimakiak espezifikoki landu dituzte, erabilterraza eta erosoa izan dadin herritarrentzat.
Hala azaldu zuten Xabier Urdangarin alkateak eta Larraitz Eizagirre udal langileak, aurkezpenean. Azpimarratu nahi izan dute, egoitza telematikoa indartzeak ez duela esan nahi aurrez aurreko zerbitzua murriztuko denik, alderantziz baizik: «Tramite asko telematikoki egitea errazteak dakar, aurrez aurrekoa behar dutenei zerbitzu pertsonalizatuagoa eta denbora eskaintza zabalagoa emateko aukera izatea».
Lehendik telematikoki eskuragarri zeuden tramiteak erraztu, eta berriak gehitu dituzte. «Erabilienen artean daude, dagoeneko, hondakin-txartel berria eskatzea, obra txikien lizentzia eskatzea edota bizikidetza-errolda eskatzea, besteak beste», azaldu dute. Gainera, ordenantza fiskala ere integratu dute zerbitzu elektronikoan, eta ordainketak online egiteko aukera ere ematen du dagoeneko. Kalean ekitaldiak antolatzeko zerbitzua ere gehitu dute: «Eskaera bakarra egin beharko da aurrerantzean, lehen akaso lauzpabost egin behar zirenean». Horretarako, erreferentziazko udal langile bat esleituko diete, baimen eta baliabide eskaera ezberdinak kudeatu eta koordinatuko dituena.
Zerbitzu telematikoaren erabileran, Astigarragak dagoeneko «oso datu onak» dauzkala nabarmendu dute: herritarren %60ak dauka BakQ ziurtagiria (tramiteak telematikoki egiteko), eta erregistroko sarrera guztien %53 egiten da telematikoki. «Bi datu horiek zor zaizkie Udaleko Harrera Zerbitzuan urte askoan egin duten lanari eta BakQa ateratzeko eta erabiltzeko eskaini duten laguntza eta aholkularitzari», diote. Gainera, uste dute biztanleriaren gaztetasunak (%86 dira 65 urtetik beherakoak) ahalbidetuko duela egoitza telematikoa indartzea.
Horregatik, herritarrak animatu dituzte zerbitzua erabiltzera: «Tramiteak egiteko garaian oztopo psikologikoa izaten da, baina behin probatuta ikusiko dute zeinen azkar eta erraz egin daitezkeen». Ziur daude denbora eta joan-etorri asko aurreztuko dituztela horrela.
Arretako beste langile bat laster, eta arreta integralerako bulegoa urte eta erdi barru
Aurkeztu berri dutenaren ondoren, urrats gehiago emango ditu Udalak laster. Hurrengoa izango da arreta zerbitzuko giza baliabideak indartzea, eta horretarako beste administrari bat kontratatuko dute datozen hilabeteetan.
Aurreraxeago begira, erronka nagusietako bat da arretarako espazio fisiko «berri eta egoki bat» prestatzea: Kale Nagusiko etxe berrien beheko solairuan jarriko dute arreta integralerako bulegoa (azoka gune estalia izango denaren ondoan). Obrak 2027an hastea aurreikusi dute, eta urte bukaera alderako bulegoa prest egotea.