Eman diote hasiera 'Ilunabarrak Gobadarien parkean' musika emanaldi sortari, aurtengo uda ere girotzeko

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 8a

Zerumuga talde astigartarra etzi ariko da Gobadarien parkea girotzen.

Musika ez da Astigarragan kalera aterako duten gauza bakarra, zinemaz eta literaturaz udako giro atseginean gozatzeko aukera ere izango baitute herritarrek, Murgia jauregian eta Erriberako terrazan, hurrenez hurren.

 

Eman diote hasiera astigartarrek 'Ilunabarrak Gobadarien parkean' musika emanaldi sortari. Izenburuak berak dioen moduan, udako ilunabarrak girotzen dituzten kontzertuak dira, Andre Gobadarien ibai parkean. Etzi egingo dute bigarrengoa, ostiralean alegia; eta Zerumuga talde astigartarrak eskainiko du, 20:30etan hasita. Lehendabiziko kontzertua De Val taldeak eman zuen, pasa den uztailaren 3an, ostirala. Etzikoaren ondoren, abuztuaren 7ra arte itxaron beharko dute Astigarragako musika zaleek, orduan izango baita hurrengo emanaldia, Bel­harra taldearen eskutik. Eta azkena abuztuaren 29an izango da; Maskak taldeak eskainiko du kontzertua, eta besteen kasuan ez bezala, gaueko 22:00etan hasiko da (beste guztiak 20:30etan). 

 

Zinema eta literatura, kalean

'Zinema kalean' ere eskainiko dute Astigarragan, bi saiotan. Lehendabizikoa larunbat honetan izango da, 'Los aitas' komediazko filmaz gozatzeko aukera izango baita. Abuztuaren 8an jarriko dute beste filma, 'Los pecadores'. Kasu honetan, 16 urtetik gorakoek soilik izango dute bertaratzeko aukera, beldurrezkoa baita. Bi pelikulak ikusteko sarrera doakoa izango da. 22:30etan hasiko dira biak, eta Murgia jauregian jarriko dituzte (euria eginez gero, Kontxa Etxeberria plazan).

Eta bestalde, uda honetan liburutegia ere aterako dute kalera astigartarrek. Uztailaren 16tik abuztuaren 31ra arte, 09:00etatik 14:00etara eta 14 urtetik gorakoentzat, Erriberako terrazan irakurtzeko aukera izango da, eguraldi ona eta udako giro atsegina aprobetxatzeko. Hala ere, tarte horretan, barruko liburutegia ere modu normalean erabili ahal izango da.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!