Astigarraga Aldizkaria, ostiraletik aurrera kalean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 5a

Aldizkariaren azaleko argazkia.

Uztailaren 10ean jarriko dute eskuragarri, eta euskerari eskaini diote aurtengo aldizkariaren atal nagusia.

Datorren ostiralean, uztailaren 10ean, argitaratuko dute Astigarraga Aldizkariaren aurtengo alea. Urtero bezala, herriko hainbat komertziotan izango da eskuragarri: Goxua, Valella eta Ogi Berri okindegietan, eta Maika kafetegian. Jasotzen duenak, ohiko moduan, borondatezko ekarpen ekonomikoa egin dezake, «edizio honetako gastu guztiak ordaintzen laguntzeko».

Aurtengoan, euskerari eskaini diote aldizkariaren atal nagusia: «Aspalditik genuen ideia, eta edizio honetan behar zuen izan», diote. Horrela, 76 orrialdeko alean, bildu dituzte euskeraren diagnosia, jarduera planak eta baliabideak, adituen eta herriko elkarteen ekarpenak, bertako hizkera, Jon Aleman Realeko entrenatzaileak euskeraren inguruan dituen bizipenak... Baina beste hainbat gai ere jorratu dituzte; besteak beste, Petritegiren 500garren urteurrena, Argindegi Zar baserriaren historia, gure baserrietako emakume esne-saltzaileak... 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!