Hutsik egin gabe, aurten ere aterako da kalera, Santiotako danborrada. Jaietako hirugarren gauean beteko ditu txoko guztiak danbor hotsez, uztailaren 24an, 23:30etan Foru Plazatik abiatuta.
Herritar talde batek antolatuta, nahi duten guztiek hartu dezakete parte, betiere 18 urte beteta badituzte. Adinaz gain, beste baldintza bakar bat jarri dute: danborra jotzeko gogoa izatea. Parte hartzeko, hori bai, izena eman behar da aldez aurretik.
Uztailaren 10ean izango da izenematea: Joseba Barandiaran plazan jarriko dute mahaia, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara. Denera 80 lagunentzako izango da tokia, eta apuntatzera joaten denak, gehienez ere lau lagunen izena eman ahal izango du. Plazak bete bezain pronto itxiko dute izenematea. Danborradan aritu nahi duenak, beraz, ez dezala azken ordura arte itxaron.
Entsaioa, uztailaren 15ean Herri Eskolako patioan
Hilaren 10ean izena ematen dutenekin, bost egun beranduago egingo dute danborradaren entsaio bakarra, ibilbidean lagun izango duten txarangarekin batera. Uztailaren 15ean izango da, Herri Eskolako patioan, arratsaldeko 18:30etan hasita.
Hain juxtu, egun horretan emango dituzte azalpenak, baita ere, jantziaren eta bestelako xehetasunen inguruan.
2019an atera zen danborrada kalera aurrenekoz, Santio jaietan; eta joan den urtean hartutako bidetik segiko dute aurten, kale buelta gauez eginda.