Maiatzaren bukaeran DBHren inguruko oharra kaleratu zuen Astigarragako EAJk, eta bertan aipatutakoei erantzun nahi izan die udal gobernuak orain: «Ez dugu lehenago erantzun, tarte honetan bilera eta urrats esanguratsuak izan ditugulako, eta aurrerapauso garrantzitsua egin duelako DBHren ikastetxearen proiektuak. Nahiago izan dugu lanean jarraitu. Baina iritsi da unea, eztabaida antzuetan hasteko asmorik gabe, gauzak zehaztasunez argitzeko», adierazi dute. Sei puntutan egin dituzte zehaztapen horiek.
Hasteko, aipatu dute EAJk Xabier Urdangarin alkateari leporatu ziola gezurrak esatea, eta diote alkateak azkeneko hilabete luzeetan ez duela inolako adierazpenik egin DBHren datei buruz. Era berean, argitu dute DBH Orain plataformaren «mozioa aldatzen eta, beraz, plataforma erabiltzen» saiatu zela EAJ, eta udal gobernuak erantzun ziola bere horretan bozkatu behar zela mozioa. Horrekin lotuta, udal gobernuak dio «larritzekoa» dela EAJren «ezjakintasuna»: «Mozioari gehitu nahi zion atalak, Udalari eskatzen zion obren kontratua esleitu eta berehala obra baimena emateko konpromisoa hartzeko. Baina obra baimena 2024ko urrian eman zion Udalak proiektuari».
Laugarren puntuan, udal gobernuak azaldu du EAJk etengabe agertzen dituela DBHko ikastetxearen proiektuari buruzko zalantzak: «Alternatiben azterketa aspaldi egin zen, eta EAJk ahaztuta izan eta orain arazo guztien iturri dela argudiatu arren, EAJk behin baino gehiagotan eman izan dio babesa EH Bilduk bultzatutako alternatiba honi; azterketa partekatu eta tekniko baten osteko alternatiba erreal bakarrari. Ezinezkoak ziren alternatiba okerrak proposatu eta hauspotu dituena EAJ izan da. Zorionez, alternatiba burugabe horiek aspaldi baztertu ziren, eta fase horiek aspaldi gainditu genituen».
Era berean, udal gobernuak dio Udalak «aspaldi» dauzkala eginda DBHko ikastetxea eraikitzeko egin behar zituen lan guztiak: hiritartze lanak 2020an eta 2021ean; eta obra baimena, tasaren hobari akordioa eta plan berezia 2024an, «horiek ere EAJren desadostasunarekin».
Eta azkenik, adierazi du 2021eko uztailean ikastetxea eraikitzeko lurrak lagatzeko akordioa hartu zuenetik aurrera, proiektuak izan dituen atzerapenak ez direla Udalaren ardura izan.
Argibideak emanda, udal gobernuak azaldu du lanean jarraitu dutela, eta urrats garrantzitsuak eman dituztela asteotan. Besteak beste, Hezkuntza sailburuarekin bildu ziren Gasteizen, eta sailburuak «konpromiso argia» erakutsi zuen obren kontratua esleitzeko lehiaketa lehenbailehen martxan jartzeko. Dena ondobidean, laster jarriko dute martxan, eta urte bukaera aldera hasiko dira obrak.