Larunbat honetan hasiko da Ahober zikloaren laugarren edizioa, Vocalia Taldearen emanaldiarekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 30a

Astigarragako Udaleko eta Eragiyok abesbatzako ordezkariak, aurkezpenean.

Arratsaldeko 19:00etan izango da estreinako kontzertua, Erriberan, doako sarrerarekin. Euskal Herri osoko abeslariak biltzen ditu Vocaliak, Basilio Astulezek zuzenduta. Urrian eta abenduan izango dira zikloaren beste bi saioak.

Laugarrenez antolatu du Ahober zikloa Astigarragan, Eragiyok abesbatzak. Ahots berdinen koruen emanaldi-sorta larunbat honetan bertan  hasiko da, Vocalia Taldearen eskutik. Erriberan eskainiko dute kontzertua, arratsaldeko 19:00etan hasita, eta doakoa izango da sarrera.

Udazkenean izango dira zikloa osatuko duten beste bi emanaldiak: urriaren 24an, Valladolideko B-Tenors taldea eta Eragiyok ariko dira elkarrekin; eta abenduaren 19an, Eragiyokek berak borobilduko du aurtengo edizioa.

2023an hasitako bidean, «harrera eta emaitza bikaina» izan dute, puntako abesbatzen partehartzearekin; eta bide horri segida emango diote aurten, «proposamen berriak ekarriz».

«Exijentzia-maila haundiko errepertorioa», Vocaliarena

Euskal Herri osoko eta Errioxako 40 abeslari inguru biltzen ditu Vocalia Taldeak, Basilio Astulez Duquek zuzenduta. 'Salve' izeneko programa ekarriko dute Astigarragara, nazioarteko eta Euskal Herriko musikagileen obrak tartekatzen dituena. Cristina Saldias piano-jolea izango dute lagun emanaldian.

Astulezen beraren ekimenez sortu zen abesbatza 2000 urtean, «ahots-talde egonkor bat» izateko asmoz, «ohiko programazioetan nekez entzun daitekeen errepertorio bati ekin diezaiokeena». Izan ere, Ahober zikloaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, «musikaren eta ahotsen aldetik exijentzia-maila haundikoa» izaten da taldearen errepertorioa. «Programazio ausartak eta eszenaratze zainduak eginez, taldea erreferente bihurtu da egungo musika koralaren munduan». Gainera, lau disko ere grabatu ditu orain arte, eta Espainiako zein Europa jaialdi ugaritan aritu da, oso kritika onak jasota.

Ez da makala B-Tenors abesbatzak egindako ibilbidea ere. 2014an sortua, gizonezkoen ahots taldea da, Valladolideko hainbat korutako abeslariek osatzen dutena, Saray Prados Bravoren zuzendaritzapean. Ganbera-kantu koralaren arloan sakontzeko egin zuten bat, «interpretazioaren kalitatea eta zorroztasuna» bilatuz; eta bere errepertorioan apustu berezia egin dute konpositore espainiarren musikaren alde, garaikideetatik klasikoenetara. 2015ean aurkeztu zuten 'Tenebrae', bere lehenengo proiektu eszeniko musikala, Espainiako hainbat herritatik egindako biran. Eta ordutik beste hainbat proiektu estreinatu dituzte, Perura, Parisera edota Berlinera eraman dituztenak, besteak beste.

Aurreko biak baino gazteagoa da Eragiyok ahots grabeen abesbatza astigartarra, 2018an sortu zutena. «Euskal musikagile nagusiek sortutako floklorean eta eliz-musikan» arreta berezia jarrita, euskal abesbatzen musika tradizioa zabaltzeko eta indartzeko ahalegina du oinarri. Bere zortzi urteko ibilbidean, dagoeneko 85 emanaldi eskaini ditu, eta sariak lortu ditu nazioarteko hainbat lehiaketatan; besteak beste, Krakovian, Bartzelonan edota Errenterian. Euskal Herriko zein Europako jaialdi ugaritan aritu da, eta sei opera antzeztu ditu Irungo Luis Mariano Lirika Elkartearen eskutik.

Jon Larrauri Delikaren zuzendaritzapean, bi emanaldi eskainiko ditu aurtengo Ahober zikloaren baitan, aurrenekoa B-Tenors taldearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!