Astigarragako haurrak alaitzera datoz Zapotxin eta Maripanpalona pailazoak bihar, Kitadelpare txaranga astigartarrarekin batera. Emanaldia eskainiko dute denek batera, Erribera kulturguneko atari estalian edo Gobadiaren parkean, eguerdiko 12:30etan hasita.
Pailazo zein musikariak prest daude herriko kaleak doinuez eta kolorez betetzeko, «haurrekin eta haurrentzat» osatuko baitute txarangako musika zein pailazoen antzerkia.
Hernanin izan ziren, pasa den ostiralean
Hernaniko haurrak ere poz-pozik, Zapotxinek eta Kitadelparek eskainitako parrandarekin. San Joan jaietan izan ziren Hernaniko kaleetan zehar, ostiral arratsaldean zehazki. Kasu honetan, gainera, ibiltaria egin zuten ikuskizuna, Plaza Berritik abiatu eta Kaxkoko kaleak zeharkatuz.
Kitadelparek eman zuen abisua, saioa hasiko zela, musika igoz; eta han agertu zen Zapotxin, Plaza Berrian zehar, umetxo talde haundi batek sekulako harrera egiten zion bitartean.
Gogoa zuten haurrek, Zapotxin eta Kitadelpareren emanaldiarena, eta irrifartsu agertu ziren momenturo, bai gaztetxoak eta baita Zapotxin eta Kitadelpare txarangako kideak ere. Beraz, esan daiteke, ohikoa den moduan, emanaldiaz gozatu zutela bertaratuek, eta ziur hala izango dela bihar Astigarragan ere.