Txakurren jabeak kontzientziatzeko kanpaina jarri du abian Udalak

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 24a

2026an txakurren jabeek hautsitako arauak eta irekitako espediente kopurua ikusita, «beste urrats bat» eman dute Astigarragan.

 

Txakurren jabeak kontzientziatzeko kanpaina abiatu du Astigarragako Udalak. 2026ko lehen hilabeteetan zortzi zigor espediente ireki ziren, txakurren jabeek egindako arau hausteengatik, txakur kakak ez jasotzeagatik edota txakur arriskutsuak lotu gabe eta muturrekorik gabe eramateagatik. Ondorioz, udaltzaingoen oinezkoen patruilak indartzea erabaki da azken hilabeteetan, eta horrekin batera, txakurren jabeen kontzientziazioa eta sentsibilizazioa lantzen aritu dira. 

Lan pedagogikoa izan da batik bat, «animaliak edukitzeari eta babesteari buruzko udal-ordenantzan xedatutakoa bete behar dutela gogoraraziz». Besteak beste, honakoak dira betebehar horiek: txakurrak kontrolatu behar dira eta lotuta eraman; debekatuta dago txakur kakak bide publikoetan, haur-parkeetan, lorategietan eta, oro har, apaintzeko edota pertsonak ibiltzeko erabiltzen den edozein lekutan uztea; eta «animalia arriskutsu» gisa katalogatutako txakurren kasuan, muturrekoa ere erabili behar dutela espazio publikoetan. 

 

Txakurrak aske uzteko eremu eta ordutegiak

Txakurrak aske ibiltzeko hainbat eremu eta ordutegi daude zehaztuta Astigarragan. Ordutegia honakoa da: neguan 19:00etatik 11:00etara eta udan 20:00etatik 10:00etara. Eta ahalbidetutako espazioak dira Andre Gobadiaren ibai-parketa (soilik ertzean), Mundarro plaza (haurrentzako jolas parketik kanpo), Murgiako parkea (haurrentzako jolas parketik kanpo) eta Maskarreneko bidea, Goiko Iturri eta Kultur Etxe zaharraren artean (ez Sagardoetxearen gainean dagoen sagastian eta Kultur Etxearen azpian dagoen lorategian). Era berean, hainbat eremu itxi daude, hala nola Ergobia auzoan, Portutxon, Izaskun kalean eta ibai-parkean. 

Azkenik, «Udaltzaingoak beste urrats bat eman du, jabeak identifikatzea, eta arau hauste berrien kasuetan, dagokien zigor espedientea zabaltzea». Helburuak dira «ezbeharrak ekiditea, bizikidetza lortzea eta espazio publikoak garbi mantentzea».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!