Alerta gorria eman zuen atzo 112 Larrialdi Zerbitzuak, datozen egunetarako, tenperatura altuengatik, baita horia ere sute arriskuari dagokionez. Ostegunera arte luzatuko den egoera ikusita, Udalak neurriak hartu ditu, hala nola herrian hainbat eremu egokitzea tenperatura altuetatik babesteko eta kalean lan egiten duten udal zerbitzuetako zein azpikontratatutako enpresetako langileek eguerdiko 12:00etatik aurrera haien jarduera etetea.
Horrela, honakoak dira ahalbidetu diren babeslekuak:
- Erribera kulturgunea eta liburutegia zabalik egongo dira eguerdian ostegunera arte.
Liburutegian eguerdian ez da mailegu zerbitzurik eskainiko, baina zabalik egongo da, bertan
babesean egon nahi duenarentzat. - Xaguxar aisialdi taldearentzat erabilgarri egongo dira Erriberako antzokia eta batzar gela,
astelehenetik ostegunera, barruan babesean haurrekin jarduerak egiteko aukera izan dezaten. - Foru plazan eta Herri Eskolako patioan mangera bana jarriko dira Xaguxarrek nahiz bestelako
taldeek freskatzeko erabil dezaten.
Bestalde, adin txikikoen kanpoko kirol jarduerak bertan behera utziko dira alarma gorriak irauten duen bitartean. Alerta naranja edo horia diren kasuetan, kirol eta aisialdi elkarteei neurriak hartzeko eskatzen zaie, besteak beste, hidratatzea edota atsedenak hartzea. San Joan suari dagokionez, Udala egoera aztertzen ari da, eta datozen orduetan zehar adieraziko du suarekin zer egin den.
Azkenik, hainbat gomendio eman nahi izan ditu Udalak, herritarren ongizaterako: Saihestu eguzki-esposizioa eguerdiko orduetan; eguzkitik babesteko, erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta krema; saihestu jarduera fisiko bizia egitea; leihoak eta pertsianak itxita mantendu; bero haundia nabaritzean, hartu dutxak edo ur hotzeko bainuak; ezin bada etxea freskatu, eguneko 2 ordutik 3 ordura leku freskoan pasatu (aire girotua duen eraikin publiko batean, esaterako); maiztasun haundiarekin edan ura eta likidoak, egarria izan arte itxaron gabe; arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei, baita adinekoei eta gaixotasunak dituztenei ere; eta larrialdiren bat izanez gero, 112ra deitu.