Urteroko ohiturari jarraituz, Musika Eguna ospatuko dute bihar Astigarragan, Norberto Almandoz musika eskolako ikasle eta talde guztien partehartzearekin. Herriko kaleak eta Kontxa Etxeberria plaza girotuko dituzte, eguerditik arratsaldera bitarte.
Musika eskolako aretoan hasiko dute eguna, dena den. Izan ere, 5 eta 6 urteko ikasleek ordu erdiko kontzertua eskainiko dute bertan, 12:00etan hasita.
Haiek bukatzean abiatuko dira kalejiran trikitilariak, panderojoleak eta musika eskolako banda, 12:30etan, herriko kaleak musikaz janztera, ordubete inguruko kale bueltarekin.
Arratsaldean datorrenaren preludio izango da kalejira: musika eskolako makina bat taldek eskainiko dute kontzertua Kontxa Etxeberria plazan, Erriberako aterpean, 17:00etan hasi eta 18:15ak arte, gutxi gorabehera.
3 Soinu taldeak emango dio hasiera, 'Txapeloaz', 'Buruz behera' eta 'Lasai lasai' abestiak eskainiz. Hiru teklatu talde ariko dira segidan, beste zortzi pieza jotzeko denera. Banda Txikitxoak hartuko die erreleboa, 'Lau urtaroak' jotzeko; eta Kitarra Taldea ariko da segidan: 'Muffle Shuffle' eskainiko du bakarrik, eta 'Irish Washerwoman' biolinjoleen laguntzaz.
Six Direction taldeak 'Zeinen ederra izango den' eta 'Love again' joko ditu, eta abesbatza eta Basik elkarrekin ariko dira 'Negua joan da ta' eta 'Konkista' abestiekin. Aire Aire taldeak eskainiko ditu beste hiru abesti: '104 Ilargi Bete', 'Erre zenituzten' eta 'Keinu konplizea'. Eta Banda Txikiak borobilduko du emanaldia, 'Sweet Caroline' eta 'La Morocha' abestiekin'.