Eragiyok abesbatza garaile Poloniako Krakovia hirian, ahots grabeen sailean

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 16a

Eragiyok abesbatzako kideak, Krakovian jasotako sariarekin.

Bertan ospatzen den Nazioarteko Abesbatza Jaialdian, 30 talde izan ziren asteburuan, oro har.

 

Poloniako Krakovia hirian izan ziren Eragiyok abesbatzako kideak pasa den asteburuan, Nazioarteko Abesbatza Jaialdian parte hartzen. Zehazki, ahots grabeen sailean aritu ziren. Aritu, eta irabazi. 

Jaialdian 30 abesbatzak hartu zuten parte, bederatzi sailetan banatuta. Astigartarren txanda larunbat goizean izan zen, «ezohiko ordutegi batean non abeslarien ahotsek kostata hartzen duten neurria». Poloniako, Norvegiako eta Danimarkako abesbatzen aurka aritu ziren. Bakoitzak 15 minutuko tartea izan zuen emanaldia eskaintzeko, eta «epaimahaiarengan zirrara sortzeko». Lau kantu abestu zituzten; lehen biak eliz-musikakoak (Vicente Goicoechearen ‘Ave, verum corpus’ eta Piotr Janczaken ‘Kyrie’) eta beste biak euskal folklorekoak (‘Kitolis’ aho itxian eta ‘Joan nintzen Ainoara’ sei ahotsetan). 

Larunbat arratsaldean Santa Katalina elizan kontzertua eskaini ondoren, igande goizean iritsi zen sari banaketaren ekitaldia, zeinean Eragiyokek bereganatu zuen irabazlearen saria.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!