Krakoviako Nazioarteko Abesbatza Jaialdian lehiatuko da asteburu honetan Eragiyok. Ahots grabeen sailean hartuko du parte abesbatza astigartarrak, gaurtik igandera bitartean, Poloniako hirian ospatzen den jaialdiaren 15garren edizioan. 'Cracovia Cantans' bezala da ezaguna berez, eta 2010ean sortu zen. Bertatik 30 herrialde baino gehiagoko 400 koro inguru pasa dira, eta aurtengo edizioan Europa, Asia, eta Amerikako 30 taldek hartuko dute parte.
Horrela, gaur abiatuko da Euskal Herritik, 21 kantarik osatutako espedizioa, Jon Larrauriren zuzendaritzapean. Lehiaketa Mieczyslaw Karlowicz Estatuko Musika Eskolan izango da, eta astigartarren txanda larunbatean izango da, goizean goiz. Talde bakoitzak 15 minutuko tartea du esleituta, oholtza gainean jarduteko.
Horretarako, astigartarrek eliz-musikako eta folkloreko lanak biltzen dituen errepertorioa prestatu dute, non euskal musika zein egileek izango duten protagonismoa; Goicoechearen ‘Ave, verum corpus’-ekin hasi eta gero, Piotr Janczak poloniarraren ‘Kyrie’ emango dute. Euskal musikako bi lanek itxiko dute emanaldia, Luis Arambururen ‘Kitolis’ eta Tomás Aragüés Bayarteren ‘Joan nintzen Ainoara’. Epaimahai internazioanala musikagilez, abesbatza zuzendariz eta musika interpretatzailez osatuta egongo da.
Lehiaketatik kanpo, ez diote utziko abesteari Eragiyokekoek; izan ere, larunbatean bertan, Kazimierz auzo judutarreko Santa Katalinan izango dira abesten. Azkenik, igande arratsaldean Krakoviako Orkestra Filarmonikoaren etxea den Philharmonic Hall izango da azken galaren egoitza. Bertara joango dira astigartarrak «ilusioz beteta, lehiaketaren palmaresean gure izena agertuko den itxaropenarekin».