Bilera egin zuen aurreko astean DBH Orain mugimenduak, eta bertan izan ziren erakundeetako ordezkariak ere: Amaia Urzelai Hezkuntza Saileko Gipuzkoako ordezkaria, eta Xabier Urdangarin eta Ainara Vazquez, Astigarragako alkatea eta hezkuntza zinegotzia. Horrela, bilera baliatu zuten «egoeraren berri zuzena jaso eta hainbat galdera, kezka eta aldarri gaineratzeko». Hiruei eskerrak eman nahi izan dizkiete, «bilerara bertaratu eta herritarrekin aurrez aurre hitz egiteko erakutsitako prestutasunagatik».
Bileran jasotako informazioarekin «pozik eta itxaropentsu» azaldu dira mugimenduko kideak, eta honakoak nabarmendu dituzte: obraren esleipenerako lehiaketa datozen asteetan argitaratuko dela; obrak Gabonen aurretik hastea dagoela aurreikusita, eta gutxienez 24 hilabeteko iraupena izango dutela; udazkenean proiektua herritarrei aurkezteko prestutasuna erakutsi dutela; eta Amaia Urzelaik bere konpromisoa berretsi zuela proiektuari lehentasuna emateko eta prozesu osoan zehar egoeraren berri eman eta informatuta mantentzeko.
Edozein kasutan, plataformak argi dauka «gure lana ez dela hemen amaitzen. DBHko institutua errealitate bihurtu eta martxan ikusi arte, gure aldarriak indartsu eta ozen jarraituko du; jakin badakigulako esleipenean, obretan, irekieran... ezustekoak, akatsak edota atzerapenak egon daitezkeela, eta hor egon beharko dugu uneoro, prozesu luze hau bultzatzen».
Hori horrela, erakundeetako ordezkariekin aritu ondoren, mugimenduko kideek bilerarekin jarraitu zuten, «datozen hilabeteetako ekintzak eta lan-ildoak zehazten hasteko». Laster emango dute horien berri.