Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-establezimenduetan euskeraren erabilera sustatzeko ekimena jarri du abian Astigarragako Udalak. Bai Euskarari elkartearekin batera, herriko saltokien mapa osatuko da, «euskera eroso erabili daitekeen entitateen ikusgarritasuna haundituz eta horien lana balioan jarriz».
2026rako finkatu duten erronka da honakoa: Bai Euskarari elkartearen aholkulariak Astigarragako 60 saltokirekin harremantzea eta horietatik 30ek Bai Euskarari deritzon ziurtagiria eskuratzea. Horretarako, hilabete honetan zehar garatuko da lehenengo fasea, merkataritza eta zerbitzu-establezimenduekin lan egiten hasiz. Ondoren, aurrera begira, helburu dute ostalaritza zerbitzura zabaltzea egitasmoa.
Eta asmoa da «saltokien ahalegina aitortzea, sare-lana bultzatzea, eta aholkularitza eskaintzea hizkuntza kudeaketarako neurriak abiatzeko». Horrela, bezero euskaldunei eskaintzen zaien zerbitzua modu errazean hobetzeko aukera eskainiko zaie sektoreko eragileei edota langileei.
Lanketa hori Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez egingo da, euskera erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren entitateak identifikatzen eta aitortzen laguntzen duena. Hiru maila ditu: Zerbitzua euskeraz eskaintzen duten eta euren lan-jarduna ere euskeraz egiten dutenei ematen zaiena (Zerbitzua eta lana euskaraz); zerbitzua euskeraz eskaintzen dutenei ematen zaiena (Zerbitzua euskaraz); eta zerbitzua euskeraz eskaini ez arren, hori lortzeko bidean daudenei ematen zaiena (Euskararen bidean).
Entitateek bidelagun izango dute elkarteko aholkulari bat; behin ziurtagiria ematean, aurrera begira eman beharreko urratsak adostu eta garatzeko baliabideak eskainiko dizkie honek. Ainara Vazquez Udaleko Euskera Saileko zinegotziak adierazi duenez, «bi norabidetako eragina dugu ipar; herriko saltokietan bultzada bat eman nahi diogu euskarari, eta aldi berean, herriko saltokiei ere bai, euskeraren bitartez».