Pelotari kalea itxita bihartik ekainaren 19ra, obren amaierako asfaltatze eta pintaketa lanak egiteko

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 10a

Obren azkeneko txanpan dago Pelotari kalea.

Horiek amaitzean emango dira bukatutzat Pelotariko bidegorri zatiaren obrak. Ibilgailuak Donostia ibilbidetik sartu beharko dira erdigunera.

 

Pelotari kalea itxiko dute bihar, ekainak 19ra arte, obren azkeneko asfaltatze eta pintaketa lanak burutzeko. Martxoan egin zuten lehen zatia, eta orain, kaleko obrarekin amaitzeko, Zubitxo frutadendatik Eroski pareraino doan eremua osatuko dute. Hori egin bezain pronto emango dira amaitutzat Pelotari kaleko bidegorri zatiaren obrak.

Bitartean, ibilgailuak Kale Nagusiko 16garren zenbakitik (Santio Zeharreko bidegurutzea) sartu beharko dira herriko erdigunera, eta kale horretako ohiko noranzkoaren aurka joan beharko dira. Horrela, Pelotariko bidegurutzeraino iritsi (Eroski parean) eta Kale Nagusitik jarraitzeko aukera izango da, Galtzaur kaletik irteteko. Bestalde, Donostia Ibilbidetik sartu ahal izango dira ibilgailuak, Lanberri kaletik gorantz joateko; eta kasu horretan ere, Galtzaurrera aterako dira. 

 

Astigarragako planoa, Pelotariko obrengatik kaleek duten noranzkoarekin.
 
 

12 aparkaleku berri, Bidebitarte poligonoaren sarreran

Udalak, azken urteetan herriko aparkaleku arazoak konpontzeko egindako ahaleginekin (Oialume bidean, Donostia ibilbidean eta Troia ibilbidean, besteak beste) jarraitzeko, eta Pelotariko bidegorriaren obrak aprobetxatuz, 12 aparkaleku berri ahalbidetu ditu Bidebitarte poligonoko sarreran. 

Pelotarin, gainera, lortu da zeuden 81 aparkalekuei eustea. Horrekin batera, pasa den neguan pintaketa lanak egin ziren, Donostia ibilbidean 20 aparkaleku berri sortuz, Portutxotik gertu. Ondoren, ekin zitzaion Donostia ibilbidetik Bidebitarteko sarreran aparkaletu berriak egiteari, jada erabilgarri daudenak. Azkenik, Pelotariko obrengatik okupatuta dauden aparkalekuak ekainaren 15ean, astelehenean, egongo dira erabilgarri. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!