Ezin hobeto hasi du bere ibilbidea Basatrail mendi lasterketak. Aurreneko edizioa izango du aurtengoa, irailaren 26an, Santiomendiko inguruetan; eta izenematea ireki bezain pronto agortu ziren 200 dortsalak, joan den ostiralean. Astigarragan mendi lasterketa bat izateko irrika haundia zegoen seinale.
Bi distantzia izango ditu Basatrailek. Lasterketa motza 8 kilometrokoa izango da, 430 metroko desnibelarekin; eta luzea 17 kilometrokoa, 760 metroko desnibelarekin. Foru Plazan hasi eta bukatuko dira biak: goizeko 09:30etan abiatuko da luzea, eta 10:00etan motza. Dortsala lortu duten 200 lagunetatik, 85 ariko dira motzean, eta 115 luzean.
Parte hartzeko gogoz geratu direnek, itxaron-zerrendan eman dezakete izena oraindik, kronoak.eus webgunean. 25 euro dira lasterketa luzerako izenematea, eta 20 euro motzerako.
Santiomendiko txoko guztiak ezagutzeko ibilbidea
Sei herritarrek osatutako taldea ari da jo eta su lanean, lasterketaren antolaketan: Axier Saralegi, Haizea Garaño, Unax Aldana, Manex Brun, Ion Goiburu eta Eneritz Gartzia. Santiomendiko inguruak eman nahi dituzte ezagutzera, eta horri begira prestatu dituzte bi ibilbideak, bertako txoko guztietan barrena.
Dortsalak lau ordutan agortuta, indartsu helduko diete mendi lasterketaren antolaketa lan guztiei, hiru hilabete eta erdi barru partehartzaileek zein ikusleek gozatu dezaten.