Ingurumenaren egunaren bueltan, egitarau polita

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 2a

Ekainaren lehen hiru egunetarako jarduerak prestatu dituzte, hilaren 5ean Ingurumenaren Munduko Eguna baita.

 

Egitarau polita prestatu du Astigarragako Udalak, ekainaren 5eko Ingurumenaren Munduko Egunaren bueltan. Aurtengo edizioak nazioarte mailan klima ekintza du ardatz, eta «egungo testuinguruan neurri zehatzekin aurrera egiteko premia azpimarratzen du».

Atzo izan zen lehen jarduera, gaur ere errepikatuko dena; Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleentzako eklipseari buruzko tailerraz ari gara, Aranzadiko Virginia Garciak zuzendutakoa. 

Jarduerekin jarraituz, bihar bertan beste bat izango dute astigartarrek; izan ere, Erriberako terrazan, 18:30etan, 'Eklipsea Euskal Herrian' izeneko hitzaldiaz gozatzeko aukera izango dute. Aurtengo abuztuaren 12an ikusi ahal izango den eguzki eklipse historikoari buruzkoa izango da hitzaldia zehazki. 

Eta azkenik, ekainaren 18an 18:00etan, Erriberan aurkeztuko dute Jakoba Errekondok, Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek idatzitako 'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian' liburua, eta ondoren horren inguruko solasaldia izango da.

Jarduera guztiak doakoak eta irekiak dira, eta Udalak herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera; gainera, «ingurumena eta natura zaintzearen garrantzia» ere gogoratu nahi izan dute Udaletik.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!