«EH Bilduren demagogia gorabehera, Astigarragako DBH martxan da»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 30a

Astigarragako EAJk defendatu du bere jarrera beti izan dela argia eta beti egin duela lan herriak DBH institutua izatearen alde.

 

DBHrako institutuaren inguruko mozioa izan zen eztabaidagai joan den astearteko Plenoan, Astigarragako Udalean; eta horren harira, bere postura zabaldu du Astigarragako EAJk. Mozioa defendatu zuten jeltzaleek, obren lizitazioa lehenbailehen aktibatu dadila eskatzeko; eta salatu dute EH Bildu «erabilera politiko eta alderdikoia» ari dela egiten: «EH Bilduren demagogia gorabehera, Astigarragako DBH martxan da. Eta ez da inprobisaziotik edo azken orduko pankartetatik sortu. EAJk Astigarragako hezkuntza publikoaren aldeko apustua duela urte batzuk hasi zuen, lehenengo LHrekin eta orain DBHrekin».

Zentzu horretan, azaldu du «baldintza tekniko eta geologiko garrantzitsuak dituen lursail batera» egokitu behar izan dela proiektua, eta horrek haunditu egin dituela lana eta kostua: «Hala ere, proiektuak aurrera jarraitu du administratiboki eta teknikoki. Une honetan egikaritze-proiektua amaituta dago, eta espedientea kontratazio-fasean dago».

Jeltzaleek «bereziki larritzat» jo dute «alkateak eta EH Bilduk azken asteetan izan duten jarrera. Alkateak gezurra esan die herritarrei, iragartzea ez zegokien datak aginduz eta itxaropen faltsuak sortuz. Ezin da politikoki jolastu hainbeste familiarentzat hain garrantzitsua den gai batekin», adierazi du alderdiak. EH Bilduren «desleialtasun instituzionala» ere salatu du EAJk, eta kritikatu du gurasoen elkartea erabili izana «beste erakunde batzuen aurkako konfrontazio politikorako estrategia bat elikatzeko. Nahiago izan du zarata eta demagogia, arduraz eta zorroztasunez lan egin baino».

Jeltzaleek diote erakundeen arteko koordinazioa indartu behar dela orain, eta horretarako aurkeztu zutela proposamen bat Plenoan, lizitazioa berehala aktiba dadila eskatzeko; baina atzera bota zuela EH Bilduk.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!