Moto klasikoen erakusketa izango da igandean, Emakumeon Plazan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 28a

Pasa den urteko edizioko erakusketa, jendez eta motorrez lepo.

Laugarren edizio honetan, Kupela tabernak Triton dendaren laguntza izan du antolakuntzan, dendaren bosgarren urteurrena dela eta.

 

Badago zer egin igande goizean Astigarragan, Asti Moto Partyren laugarren edizioa ere ospatuko baitute, Emakumeon Plazan, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00ak arte. Aurtengoa berezia izango da gainera, Astigarragako Triton moto arropa dendarentzat bereziki; izan ere, urtero antolatzaile lanetan dabilen Kupela tabernarekin batera aritu da aurtengoa antolatzen, dendaren bosgarren urteurrena dela eta.

Eta erakusketaz gain, plazan giroa ere bermatuta dago, musika eskaintzen ariko baitira bi DJ (Rocket Girl eta Rockin Rocket) eta Risky Bet rock musika banda. Hori gutxi balitz, urdaiazpiko mozketa eta oilasko erreak ere izango dira, bertaratzen denak goserik ez pasatzeko. Azkenik, babesleek utzitako produktuak zozketatuko dira, hala nola kaskoak, arropa, eta bestelako motorako materiala. 

 

Erakusketa bat baino gehiago

Antolatzaileek, Triton dendako kideek zehazki, ekitaldia «erakusteka bat baino gehiago» dela esan dute. Eta ez soilik musikarengatik, zozketarengatik edota janariarengatik, «lagunen topagune» delako baizik.

Aurreko edizioetan erakusketa moduan jarrita zeuden moto klasikoen kopurua 30-40 ingurukoa izan da. Horiek ez dira martxan jartzen, ez dira mugitzen, ikusgai baino ez daude, geldirik. Aurken ere kopurua buelta horretakoa izango da. Baina moto horiez gain, bertaratzen direnek eramaten dituztenak ere izango dira ekitaldian. Antolatzaileek azaldu dutenez, horiek ere, azken finean, erakusketaren parte izaten dira, plazan bertan daudelako aparkatuta, moto klasikoekin batera. Eta nabarmendu dutenez, moto klasikoak eta gainontzekoak batuz gero, ehun moto baino gehiago izaten dira, Emakumeon Plaza erakusketa gela erraldoi bat bilakatuz. 

Eguraldia ere alde izango dute bertaratzera animatzen direnek. Tenperatura atsegina izango da, egunotan izandako beroak alde egingo baitu (20 gradu, gutxi gorabehera). Egia da eguzkia ere ezkutatuta egongo dela, baina zerua lainotuta egongo den arren, ez du euririk egingo. Osagai guztiak ditu ekitaldiak, beraz, jendeak lagunartean goiz atsegina pasa dezan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!