Larunbat goizean Erribera kulturgunera bertaratzeko gonbitea luzatu diete Arantzazuko Amako ikasleek, herritar guztiei. Izan ere, ikasturtean landutako proiektuak aurkeztuko dituzte bertan, 11:00etatik aurrera. Gainera, ikusentzunezkoak eta eskulanetarako txokoak ere izango dira bertan, haur, gazte eta helduei zuzenduta.
Itsas hondakinekin lotutako proiektuak izango dira ikusgai Erriberan. Horietako baten berri eman digu, adibidez, DBH3ko PlastiKultura taldeak (Ariadne, Elene, Ander, June eta Ander). 'Itsas hondakinen erronka' izeneko proiektua da landu dutena: «Dokumental bat grabatu dugu, plastikoaren gehiegizko erabilerari eta horrek eragiten duen kutsadurari buruz kontzientziatzeko», azaldu dute.
Erriberan izango diren taldeez gain, beste batzuek ere landu dituzte proiektuak, gaiarekin lotuta. Hori da 'Ibai berriak' proiektua burutu duen DBH3ko laukotearen kasua: Izan Varela, Maddi Beloki, Daniel Amestoy eta Manex Tapia. Azaldu digutenez, Urumea ibaiaren bazterrak garbitu dituzte Andre Gobadarien ibai parkean, «bertako hondakinak itsasora iritsi ez daitezen. Nahiko genuke herritarren kontzientzia piztu dadila, eta bestelako ekimenak martxan jarri daitezela», azaldu dio laukoteak Kronikari.
Larunbatean izango dute aukera herritarrek Erriberan, goiz osoan zehar, horrelako proiektu gehiagoren berri izateko, eta hondakinek ibaietan eta itsasoan duten eragina gertuagotik ezagutzeko.