Ibai parkeko ur-txorrotak aktibatu dituzte, aste honetako beroa dela eta

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 27a

Astelehenetik daude martxan, aurreikusita zegoena baino astebete lehenago. Igerilekua ekainaren 1ean irekiko dute.

 

Dagoeneko martxan dira Andre Gobadarien ibai parkeko ur-txorrotak, haur, gazte eta helduek frexkatzeko aukera izateko. Astelehenean aktibatzea erabaki zuen Astigarragako Udalak, aurreikusita zegoena baino astebete lehenago, ikusita aste honetarako iragarritako beroa.

Botoia sakatuta jartzen dira martxan txorrotak, eta 15 minutuko iraupena dute. Ordu laurdena pasata, itzali egiten dira automatikoki. Goizeko 10:00etatik iluntzeko 21:00etara izango da txorrotak erabiltzeko aukera.

 

Datorren astelehenean irekiko dute igerilekua

Kiroldegiko igerilekua, berriz, datorren astelehenean irekiko dute, ekainaren 1ean. Itxiera, ordea, ohi baino hilabete lehenago izango da: abuztuaren 31ra arte egongo da erabilgarri, irailaren hasieran kiroldegiko obrak hasiko direlako.

Gogorarazi dute 8 urtetik beherako haurrek heldu batekin joan behar dutela, igerileku txikian 0-4 urtekoek izango dutela lehentasuna, eta igerileku ertainean 5-8 urtekoek. Ohi bezala, igerilekura sartu aurretik dutxatu egin beharko da, eta derrigorrezkoa da txanoa erabiltzea. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!